Txema Urbiola ostegunean atxilotu zuten, uztailaren zazpiko prozesioko gertakarien karietara, desordena publikoak eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Atzo 13:00ak aldera utzi zuten aske, eta bere abokatuak Naiz egunkariari azaldu dionez, handik ordu betera, taberna batean zegoela, bihotzekoak eman zion. Ostatuan sendagile bat zegoen, berpizte teknikak egin zizkion, eta horri esker ondorioak ez dira larriagoak izan. Urbiola arriskutik kanpo dago, baina hainbat egun eman beharko ditu Nafarroako Ospitaleko Zainketa Berezietako Unitatean.
“Atxiloketak eragindako estresaren ondorio zuzena da”
Iruñea Askatasunez plataformaren irudikoz, “gertaturikoa atxiloketak eragindako estresaren ondorio zuzena da”. Salatu dutenez, “estrategia horrek etekin politikoa bilatzen du, baina erregimenak amaierara arte ezarri nahi duen tentsio giroak ez du aldaketa errealitate bilakatzerik lortuko”.