Sanferminak 2015

Karguekin aske utzi dituzte sanferminetako prozesioko gertakarien karietara atxiloturiko lau lagunak

Euskalerria Irratia 2015ko api. 17a, 17:11

Maya alkateak ontzat jo ditu atxiloketak: “Edonork ezin du erabaki berak zigorra ezartzea. Gu erasotzea lotsa emangarria da”.

Joan den sanferminetako prozesioko gertakariekin lotura zutelakoan ostegunean atxilotutako lau lagunak aske utzi dituzte desordena publikoa eragitea eta autoritateari atentatua egitea egotzita.

Ostegunean lau lagun atxilotu zituzten Iruñean, sanferminetako prozesioko gertakarien karietara. Goizean bi atxiloketaren berri izan genuen: Espainiako Polizia Nazionalak David Garcia atzeman zuen; eta Iruñeko Udaltzaingoak, Xabi Gartzia. Arratsaldean jakin zen bazirela beste bi atxilotu, horietako bat Txema Urbiola. Bestearen nortasuna oraindik ez dute zabaldu.

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi zuen lauoi desordena publikoak eragitea eta autoritatearen aurkako atentatua leporatzen zietela, uztailaren 7ko prozesioko gertakarien karietara. Ordezkaritzak prentsa ohar batean zabaldu zuenez, "udalbatzako kideek hainbat eraso jaso zituzten, esate baterako, irainak eta bultzakadak, eta gauza bera gertatu zitzaien udaltzainei".

Azken urteotan ohikoa denez, prozesioa Curia karrikatik igaro zelarik, hainbat herritarrek gogor egin zuten protesta UPNko udal aginte taldearen kontra, eta tentsio handiko uneak bizi izan ziren. Gertaturikoaren laburpena ikus daiteke behean, Ahotsa.info-ren bideoan.

Maya: "Eraso lotsagarria izan zen"

Demokratikoki aukeratutako hautetsiak erasotzea "lotsagarria" dela esan du Enrique  Maya alkateak eraso sexistarik gabeko festen aldeko agerraldi batean parte hatu ondoren. Ontzat jo du lau persona hauen atxiloketa arrazoi pertsonalengatik “asko sufritzen delako”, eta baita “erakundearengatik” ere.

Iruñea Askatasunez: "Aldaketaren aurkako operazioa izan da"

Iruñea Askatasunez plataformaren idurikoz, atxiloketa "aldaketa politikoaren aurkako operazioa izan da" baina "ezinen dute herritarren borondatea gerarazi". Izan ere, "ezin da kasualitatea izan atxiloketok heltzea hauteskundeetarako hilabete eta erdi falta delarik". Plataformak gogor salatu du nafarrek pairatzen duten "salbuespen egoera", eta premiazkotzat jo du aldaketa politikoa lortzea, beste eredu bat irits dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!