Sanferminak 2015

Sanferminen iragarki sexista erretiratu egin dute

Euskalerria Irratia 2015ko api. 17a, 08:48

Elkarretaratzea eginen dute gaur Iruñeko Udaletxe plazan 12:00etan, Emakumearen Udal Batzordeak deituta.

“Ez dakigu nola iritsi den iragarkia sarera. Ostalaritzan lanean aritzen garen kideak gara eta Sanferminak ezagutaraztea baino ez genuen helburu”, hala azaldu dute kartelaren egileek. Iragarkiaren irudian bularretako bat ageri da eta neska gazte bat, txupinazoaren unean gerritik gora biluzik. Horixe da Sanferminak erakargarri egiteko erabilitako afixa. Almeriako ostalaritzan lanean diharduen talde bat da egilea eta kartela erretiratzea erabaki du sinbolo sexistak erabiltzea leporatu ondoren.

250 euroren truke, Sanferminetan lau egun pasatzeko eskaintza zen iragarkiaren bidez egiten zena. Landetxe batean egonaldia eta Almeriatik Iruñera autobusean joateko aukera. Ez zuten espero halako oihartzuna izatea afixak.

Emakumearen irudia duintasunaren gainetik erabiltzearekin sortu da arazoa. Iruñeko eragile sozialek eta Udaletxeak halako irudiak alboratzea beharrezkoa dela ohartarazten ari dira.

Bidaiak aurrera segitzen du

Sanferminak ezagutzeko aukera eskaintzea izan da Almeriako ostalaritzako kideek lortu nahi zutena iragarkiarekin. Hori horrela, jakinarazi dute, Iruñera eta Sanferminetara bisita egiteko proposamenak aurrera segitzen duela. Jende askok eman du izena antolatzaileen esanetan. Nabarmendu duten bestea da Iruñeko Udaleko inor ez dela eurekin harremanetan jarri, baina, kartela erretiratzearekin polemika amaitzea espero dutela.

Elkarretaratzea gaur

Erakargarri sexisten aurka. Adierazpen bat onartu dute erabateko gaitzespena erakusteko erabilera sexista duten iragarkiei. Sanferminak Berdintasunean Taldearen proposamena izan da eta Emakumearen Udal Batzarrak bat egin du. Elkarretaratzea eginen dute gaur “festak berdintasunean eta eraso sexistarik gabe” aldarrikatuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!