Iaz bezala, aurten ere Ezkaba Txiki ardiz beteta ikusteko aukera izanen da. Atarrabiako Udalak baimena eman dio Roberto Urrutia artzaiari haren artaldea bertan bazka dadin. "Ardi suhiltzaileak", deitu ditu udalak, baso suteei aurre egiteko egiten duten lana aitortuz. "Mendi honen zati handi bat kiskali berri duen sutearen ondoren, gogoratu behar da abeltzaintza estentsiboak garrantzi handia duela gure paisaiak mantentzeko, suteen arriskua eta intentsitatea murriztu egin dela eta landa-populazioa finkatu egin dela gizarte osoarentzat iraunkorrak eta beharrezkoak diren jardueren eta ekoizpenen bidez", azaldu du.
Ardiei harrera eginen diete 11:30ean, Arreko Trinitate zubian. Artaldeak Kale Nagusia zeharkatuko du mendirako bidean, eta bertan prest izango du beharrezkoa duen ur-azpiegitura eta babeslekua. Villava-Atarrabiako alkatea, Ingurumeneko eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak, Landa Garapen eta Ingurumen Saileko eta Iruñerriko Mankomunitateko ordezkariak izango dira ekitaldian.
Artaldea Ezkaban dagoen bitartean, ikastetxeek bisita gidatuak hitzartu ahal izango dituzte.
Iaz herritar asko gerturatu ziren ardiak ikustera.