Zubiarten hutsik geratutako plazak betetzeko matrikula-aldia zabaldu dute

Gaurtik hilaren 21era izanen da aukera Uharteko Zubiarte euskaltegi publikoan izena emateko. Euskaltegiko zuzendariarekin mintzatu gara.

Uharte herrian kokaturik dagoen Zubiarte Euskaltegi Publikoak 2021-2022 ikasturterako antolatutako euskara-ikastaroetan izena emateko epe berria urtarrilaren 17tik 21era izanen da.  Epe berri honetan ikasturtean zehar martxan diren taldeetan sortu diren hutsuneetan izena emateko aukera izanen du euskara ikasi nahi duenak. Horretaz gain, A1-hasiera taldea ere badago.

Euskaltegiak maila guztiak eskaintzen ditu: A1, A2, B1, B2 eta C1. EGA eta C1 mailako azterketak prestatzeko ikastaro bereziak ditu.

Ikastaro presentzialak goiz, arratsalde eta gaueko ordutegietan dira. Txandaka joateko aukera dute ikasleek. Ikas-prozesua auto-ikaskuntzan egiteko modalitatea ere badago maila guztietan. Halaber, mintzamena lantzeko berariazko ikastaroa B2 mailan. Hainbat kanpo-talde ere baditu.

Aurrez aurreko ikastaroez gain, zenbait mailatan online taldeak ere eskaintzen ditu euskaltegiak. Autoikaskuntza modalitateak astero mintza saioa du eta aurrez aurrekoa zein online izaten ahal da.

Unibertsitatekoak ez diren irakasleek ikastaro hauek egin ahalko dituzte eskola ordutegitik kanpo eta dohainik Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Planaren parte baitira.

Informazio osoa Euskaltegiaren web orrian. Izen-ematea online eginen da. Aurrez aurre egin nahi izanez gero,  848431010 telefonoa deitu behar da hitzordua eskatzeko edo euskaltegiko postara idatzi.