Mikel Oteiza (Atarrabiako alkatea): “Ultzama ibaiak gainezka egin du, baina, printzipioz, arriskurik gabe”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urt. 10a, 10:41

Atarrabiako alkate Mikel Oteiza elkarrizketatu dugu Metropoli Forala saioan, azken orduotako euriteen eta uholdeen kontura.

Zein da egoera?

Ultzama ibaiak atzo gainezka egin du. Inguruko parkeak hartu ditu. Ez da iritsi kaleetara eta etxeetara. Oraindik metro eta erdi bat falta zaio. Dirudienez, ez da iritsiko. Baina gauza hauek beti tentuz esan behar dira.  Egia da atera dela, eta ikusgarri dagoela, baina, printzipioz, arriskurik gabe.

Aurrelarrialdi maila aktibatu du Nafarroako Gobernuak. Udaletik zer egiten ari zarete?

Plan bat daukagu egoera hauetarako, eta indarrean jarri genuen atzo. Lehena, arratsaldeko bostetan. Bi mezu klase zabaltzen ditugu halakoetan. Lehena, arretaz jokatzeko eskatzen duena. Bigarrena jada ondasunak babesteko gomendatzen duena.  Kasu honetan lehena bakarrik zabaldu dugu. Fase horretan gaude, erne. Oso gertu dugu duela hilabete gertatutakoa eta bizilagun gehienek jada beren ondasunak babestu dituzte.

Duela hilabeteko kalte horiek oraindik nabariak dira herrian.

Bai, jakina, oraindik ikusten ditugu hainbat etxetako ormak erorita, kirol instalazioetan hainbat lan egiteko daude oraindik. Hainbat lurrazpiko aparkaleku oraindik ezin dira erabili.

Estatutik laguntzak iritsiko al dira?

Dirudienez bai. Ze bide, ze tramitazio erabiliko den ikusten ari gara orain. Ahalik eta lasterren hasi nahi dugu. Informe guztiak prest dauzkagu. Ea diru hori noiz eta nola iristen den.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!