Legealdiko laugarren aurrekontuak aurrera aterako dituzte Zizur Nagusian. Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk eta atxiki gabeko Iñigo Goñi zinegotziak 2023ko aurrekontu akordioa sinatu zuten atzo. Toki Ogasunen Funtsen banaketa berriagatik Zizur Nagusiko diru sarrerak %12 igo dira. Ondorioz, inoizko aurrekonturik handiena egin ahal izan dute. Proiektua 14,9 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa baino %9,7 handiagoa.
Langileen kapituluak 5,8 milioi euro hartzen ditu, aurreko urteko kontuekiko %4ko soldata igoera barne; gastu eta ondasun arruntak %50, Nafarroako Gobernuaren transferentzia arruntak %5,3 eta inbertsio errealak %4.
Alkateak azaldu duenez, herritarren eskaerei erantzuten dien eta udal zerbitzu publikoak indartzen dituen aurrekontua da hitzartu dutena. Jubilatuen elkartea berritzeko 50.000 euro jaso dituzte, haurrentzako parkeetarako 45.000 euro eta Familien Arretarako Zentroaren proiektua idazteko 15.000 euro.
Era berean, Zizur Nagusian alokairuan dauden gazte emantzipatuentzako 15.000 euroko partida berri bat sartu da, 80.000 euro bide publikoetako inbertsioetarako, 75.000 euroko laguntza partida bat etxebizitzak zaharberritzeko, energia-eraginkortasunerako eta hiri-birsorkuntzarako, eta 40.000 euroko inbertsioa ikastetxeetan. Halaber, autoenplegurako diru-laguntza 9.000 eurokoa izanen da eta aurrekontu parte hartzaileetarako kopurua 40.000 eurora igoko da.
Sinadura ekitaldian, Jon Gondan Zizur Nagusiko alkateak; Geroa Baiko Piluka Garciak; EH Bilduko Jose Angel Saizek; PSNko Ricardo Ocañak eta Iñigo Goñi atxiki gabeko zinegotziak parte hartu zuten atzo.