"Esperimentu gisa abiatu genuen kultura auzora gerturatzeko, irisgarria izan zedin auzokide guztientzat"

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 29a

Hirugarren urtez antolatu du Txantreako Jai Batzordeak antzerki zikloa. Guztira lau emanaldi izango dira urriaren 5etik azaroaren 23ra, doako sarrerarekin. Auzokoek auzoarendako egindako proposamena da, eta hartara, bizilagunek egindako piezak izango dira ikusgai. Antzerkia kontsumitzeko joeraz eta euskarazko antzerkiaz hausnartu dute Iñigo Satrustegi Jai Batzordeko kideak eta Birjiñe Albira antzerkigileak.

Bueltan da ikasturtea eta bueltan hirugarrenez Txantreako Antzerki Zikloa. Urriaren 5etik azaroaren 23ra bitartean lau emanaldi antolatu ditu Txantreako Jai Batzordeak, denak muxutruk. Iñigo Satrustegi Jai Batzordeko kideak eta Birjiñe Albira antzerkigileak zikloaren nondik norakoez mintzatu dira Irrintzi Plazan.

"Ikasturte hasieran, udazkenarekin, kultur proposamenak apaltzen dira, batez ere auzoetan", horregatik dio Satrustegik bururatu zitzaiela antzerki zikloa martxan jartzea. "Esperimentu gisa abiatu genuen kultura auzora gerturatzeko eta irisgarria izan zedin auzokide guztientzat", azaldu du Satrustegik. "Esperientziak esan digu zer hobetu urtetik urtera", eta hala iritsi dira hirugarren edizioa egitera. Horri esker aldaketak egin dituzte, esaterako, aurten saio guztiak igande iluntzean izango dira ostiral arratsaldean izan beharrean.

Proposamen gehienak auzotik datoz eta auzoarentzat dira. Birjiñe Albiraren gidaritzapean Tres años después' lana taularatuko dute Auzotegiko antzerki taldeko kideek. Urte osoko lana ikusteko aukera izango da. "Istorio post-apokaliptiko bat da. Tailerretan ikasten dugu, ongi pasatzen dugu eta sortzen ditugun istorioetan beti zerbait kontatzen dugu", azaldu du Albirak. Beldurrak nola menperatzen gaituen jorratu dute oraingo honetan, gizartean dauden rolak eta nola kokatzen garen haien aurrean, "betiere, umoretik eta asko barre eginda". Obra honek hasiera emango dio zikloari urriaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan Salestarretan.

Urriaren 19an, Infinitu Drama konpainiak Promesa berdina egin diegu lagun guztiei laguntasunari buruzko pieza eramango du oholtzara. Azaroaren 9an, Idoia Tapia txantrearrak Alter Nation bere lehenengo sorkuntza artistikoaren txanda izango da. Azkenik, zikloari amaiera emateko, Don Quijote de la Txantrea lana ikusteko aukera izango da, Iluna Produccionesen eskutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!