M28 udal eta foru hauteskundeak

Iker Mariezkurrena (Berriozarko EH Bilduren alkategaia): “Elkargune bilakatu nahi dugu orain bitan zatituta dagoena”

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 12a, 10:52

Berriozarren alkate makila EH Bilduk bi legealditan eraman du Raul Maizarekin eta, aurretik, Nafarroa Bairekin Xabier Lasarekin izan zen. “Jarraikortasuna ematera heldu naiz ni, eta nire lan taldea”, nabarmendu du Iker Mariezkurrena Zelaia EH Bilduko alkategaiak. Aholkulari eta maisu maistra onak izaten ari dela aipatu du eta orain, lan ona egitea tokatzen zaiela eurei. “Etengabeko ikasketa prozesua izanen da ahalik eta hobekien lan egiteko”, esan du.

Herri txiki baten kutsua duen 11.000 biztanleko tokia da Berriozar Mariezkurrenaren esanetan: “Asko gara. Anitzak gara. Denontzako gorbenantza egin nahi dugu. Bi alde badira: Berriozarko alde zaharra, esanen dugu eta gainerakoa. Alde Zahar horrek xarma berezia du, jende gehienak hor bizi nahi du. Baina Berriozarko alde berria ere gero eta bizigarriagoa da.

Kirolaren Mundutik dator Mariezkurrena, pilota teknikaria da Nafarroako Pilota Federazioan eta Berriozarko pilota eskolan bederatzi urtez aritu da eta profesionaletan sartzeko aukera ere izan zuen. “Eskuan eta behatzetan izandako ebakuntzen ondorioz, ezin izan nuen aukera hori erdietsi”, azaldu du.

Erronka berriak aurretik

Lehenbiziko aldiz sartu da politikan Mariezkurrena. Baina ez da hutsetik abiatuko. Kolektibo askotan izan da Berriozarren. Beste modu batean baina politika ere egiten da horietan. Argi dagoena da, Berriozarren aniztasuna dela nagusi. Hasteko,  kirolean eta kulturan. Hemendik aurrera, helburua, kolektibo guztietara iristea da. “Biak dira ardatz nagusi guretzat, bai kirola zein kultura ere.  Behar dituzten espazioak ematea  eta kirol instalazio egokiak sortzea dira erronketako batzuk”.

Jende gazteak sortzen du Berriozarko EH Bilduko zerrenda. “Aire freskoa beharrezkoa da eta hori eramatera goaz. Komunitate bat gara, denon artean egiten dugu lana, lantaldean. Gero eta komunitate handiagoa egiten ari gara. Gu aurrera etorri gara, baina, gainerakoak, orain arte aurrean izan direnak ere gurekin daude”, nabarmendu du.

Berriozar zatitzen duen errepidea, egokitu

Trenbidea eta errepide nagusia, Gipuzkoa Etorbidea, herri erditik igarotzen dira. Trenbidea kentzeko asmoa aspaldikoa da: “Egi bilakatuko balitz behingoz aukera hori, ahalbidetuko luke Berriozar beste modu batean haztera”, esan du. Errepideak ere bitan zatitzen du herria. “Distantzia batzuen eta besteen artean handia da. Gure helburua da, bi zatiak elkartzea. Ahalik eta konektatuen egoteko: bizikletentzako, oinezkoentzako errespetuzko tokia izan dadin nahi dugu. Elkargune bihurtu nahi dugu bitan zatituta dagoena”, nabarmendu du.

Adinekoen egoitza prestatu nahi du EH Bilduk. Demografiari dagokionez, zahartzen ari den herria da, haur gutxi jaiotzen den herria. Zahartze aktiboa ematen ari da, geroz eta kirol gehiago, osasungarriago dago adineko jendea… luzatzen ari da bizi itxaropena. Jubiloteka bat egin zen, eguneko zentro bat ere zabaldu da: “Helburua litzateke hemendik urte batzuetara zaharren egoitza sortzeko aukerak ikustea. Publikoa izatea. Bizitzaren bide naturala jarraitzea: hemen jaio, hemen bizi eta hemen amaitu”, dio.

Memoria, etxebizitza eta euskara

Zertzeladetan baina hiru proiektu nagusi ere aipatu ditu Mariezkurrenak. Etxebizitzaren gaia, orokorrean, garrantzitsua da. Gazteei eta oro har bizilagun guztiei bideratuta, asmoa da, Nasubinsarekin negoziatu eta pisuak sortzea bai alokatzeko zein propietatean ateratzeko ere.

Memoria Historikoari dagokionez Berriozarrek betidanik izan du lotura handia du oroimenarekin: Ezkaba mendiaren magalean dagoelako, besteak beste. Omenaldiak, ahanzturan erori ez dadin eta oroimenaren bidea egitea dira proposamen bi. Gotorlekua, museo edo informazio puntu bilakatzea ere badira ideien artean.

Euskarari dagokionez, kontuan hartu behar da herri erdalduna dela, baina, D ereduko eskolei esker hobetzen doa euskararen egoera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!