Gaur sartu da indarrean herrigunean aparkatzeko erregulazio berria, Antsoainen. Iruñeko Udalak eremu urdina Arrotxapea osora eta Txantreara zabaldu ondoren, mugatutako ordutegia ezarri du udalak. Gaurtik aurrera, lan egunetan gauez soilik Antsoaindarrek izanen dute herrian aparkatzeko aukerarik (21:00etatik 9:00etara).
Prozesu parte hartzaile baten ondorioa da aparkaldi murriztuko gunea: "Badakigu herrritar asko pairatzen ari direla Iruñeak eragindako egoeraren efektu kaltegarriak. Udalak erantzun arduratsu eta egokia proposatu nahi izan du, inprobisaziorik gabe". Araudi bat prestatu dute behin behinean, trafiko ordenantza berria onartu arte indarrean egonen dena. Momentuz seinaleak jarri dituzte herrigunea zedarritzeko, baina ordenantza onartu ondoren, berdez margotuko dituzte autoentzako lekuak.
Matrikulak irakurriz kontrolatuko dira ibilgailu aparkatuak; beraz, guztiz beharrezkoa da ibilgailua Antsoainen erroldatuta egotea edota onortutako araudiak baimenduta egotea.