Are adierazgarriagoa da Sarrigurengo adibidea. 2001ean hamar pertsona bizi ziren, egun 13.000 auzokide dira. Hiri handi bat da egun. Duela hogei urte hasi ziren eraikitzen, eta obrak bukatuta, 2007tik aurrera, esponentzialki hazi da biztanleria. Bixente Taberna eta Ioar Caodevilla arkitektoen arabera, orduko hirigintza proiektu hark baldintzatzen du egun bertakoen egunerokoa.
Ustelkeriagatik zigortutako UPNko Ignacio Galipienzo alkateak bultzatu zuen bailarak duen egungo eredua. Eta berehalako hazkundea horrek erronka gehigarriak eragin ditu udalerrian. Oraindik horiei erantzuten ari dira udalean. Zerbitzuak eskainiz, kontzejuak ahaztu gabe lan egitea da lehentasunetako bat Geroa Baiko Joseba Orduña eta EH Bilduko Silvia Mezkiritz zinegotzientzat.
Ikastetxeetan ere pairatzen dute zerbitzu eta baliabideen gabezia. Haur asko hartzen dituzte Joakin Lizarraga eskolan eta Sarrigurengo institutuan, eta Unai Alvira eta Roberto Perez dira zuzendariekin mintzatu gara gaiaz.
Gazteak ziren heldu ziren lehenengoak, baina heldutzen hasi da biztanleria. Karlos Vilches soziologoarekin aztertu dugu aldaketa demografikoa.
D eredua eskaintzen dute bi ikastetxeetan, eta euskararentzat indargarria izan da hori azken bi hamarkadetan. Egun, biztanleriaren laurden bat da euskaldun osoa edo hartzailea. Koldo Azkona euskara teknikariak azaldu duenez, asko aldatzen da egoera, ordea, herri batetik bestera Eguesibarren. Ezin dira alderatu Gorraiz eta Sarriguren, adibidez. Azken honetan emandako kultur eragileen arteko saretzea azpimarratu du Asier Larrinaga bizilagunak.
Lanari dagokionez, berrikuntzaren hiria izan da Sarrigurengo arnas gunea. Baina egoera ez da onena une honetan. Kaleratzeen mehatxua gainean dutela joaten dira egunero lanera, esaterako, Siemens Gamesako langileak.
Azken bi hamarkadetan Nafarroak bizi izan duen hazkundearen adibide da Sarriguren. Hego Euskal Herriko lurraldeen artean, Nafarroa izan da gehien hazi dena, %19ko hazkundearekin. Eta aldi horretan, Iruñerriak pilatu du jende gehien, populazioaren %28 baino gehiago. Zentralizaziorako joera nabarmena da herrialdean
Emandako datuak EITB eta Tokikom osatzen dugun tokiko komunikabideen arteko Saretzen proiektuaren parte dira.