Zazpi aldiz handitu da Eguesibar azken hogei urteetan

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko aza. 29a, 06:00

Apenas 3.000 pertsona bizitzetik, 21.000 biztanle izatera igaro da udalerria, 2001tik. Aldaketa aztertzeko Sarrigurendik eginen du gaur irratiak Metropoli Forala saioa.

Nafarroako populazioa ia-ia etengabe hazi da urtez urte 2001etik 2021era. Udalerri askok bikoiztu dute populazioa. Baina horien artean, Eguesibarko adibidea da adierazgarria. Duela hogei urte, 2.773 biztanle zituen; iaz, berriz, 21.556. Nola egin dio aurre hazkundeari udalerriak? Zer aldatu behar izan du? Jasangarria izan al da egindakoa? Galdera horiei erantzuteko saio berezia eginen du bihar Euskalerria Irratiak, Sarrigurendik, goizeko bederatzietatik aurrera.

Zenbaki absolutuetan zein ehunekoetan Iruñerrian gehien hazi den udalerria da. Azken hogei urteetan %667 hazkundea izan du; hau da, 18.738 biztanle gehiago ditu. Iruñeak 1.902 gutxiago batu ditu epe horretan, baina %9 hazi da portzentualki.

Herri edo kontzeju ezberdinetan banatuta dago Eguesibar, eta horietatik nagusiena, gaur egun, Sarriguren da. Udalerri hori da gehien hazi dena. 2001ean hamar pertsona bizi ziren bertan, baina 2007tik aurrera populazioa areagotu da esponentzialki, 13.000 auzokide izan arte. 2001.ean gunea eraikitzen hasiak ziren, eta, gaur egun, herri handi bat da.

Nondik nora mugitu dira biztanleak?

Populazioaren hazkundea ikusita, antzeman daiteke eraikitze lanak 2006-2007an amaitu zirela. 2009. urtean izan zen biztanleria mugimendu gehien Eguesibarrera. Nafarroa barrutik 3.456 biztanle jaso zituen udalerriak. Geroztik behera egin zuen Eguesibarrera joandakoen kopuruak 2016 urtea arte. Iaz arte egonkor mantendu da immigrazioa.

Emigrazioa, berriz, urtez urte hazi da. 2021ko datua da adierazgarriena. Eguesibar utzi eta Nafarroako beste udalerriren batera aldatu direnen kopurua inoizko handiena izan zen iaz. 1.012 bizilagunek egin zuten.

2012an jo zuen goia Eguesibarren jaiotza kopuruak. 557 jaiotza izan ziren. Geroztik behera egin du kopuruak. Iaz, 179 jaio berri izan ziren udalerrian.

Iruñerrian bezala, gaztea da Eguesibar. 2007tik hazi da 20-59 urte arteko biztanleria, eta atzetik hogei urtetik beherakoena. Hazkundea apalduz joan da 2016tik.

Artikulu hau datu kazetaritza garatzeko Eustat, Nastat, Tokikom eta EITBren artean egindako Saretzen akordioaren parte da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!