Hego Euskal Herriko lurraldeen artean, Nafarroa izan da azken hogei urteetan gehien hazi dena, %19ko hazkundearekin. Aldi horretan, Iruñerriak pilatu du jende gehien, populazioaren %28,54.
2013a da inflexio puntua eskualde askotan, hazkundea motelduz edo, zuzenean, gutxituz. Iruñerrian hazkundea etengabea da urtez urte, 2013-2014 aldian izan ezik, urte horretan pertsona “oso” gutxi galtzen baititu urte horietan eskualdeak (-%0,1).
Iruñerria osatzen duten udalerrien artean, Iruñean biltzen dira gehienak. Iaz 203.081 biztanle zituen Iruñeak, 2001ean baino %9 gehiago. Ez da, beraz, gehien hazi den udalerria. Eguesibarrek du aurreneko postua zerrenda horretan, zazpi aldiz handitu da biztanleria. Berriobeiti ere nabarmen hazi da epe horretan. 1.278 biztanle izatetik, 7.468 izatera igaro da, %484 handituz populazioa. Aranguren, berriz, %197 hazi da; eta Elortzibar %110.
Badira Iruñerriko herrien artean, biztanleria galtzeko joera hartu dutenak ere. Barañainen, esaterako. 2008tik egin du behera zenbatekoak. Goñierrin ere beheranzkoa da joera.
Immigrazioa emigrazioa baino zabalagoa izan da azken hogei urteetan Iruñerriko zenbait tokitan Eguesibarren eta Burlatan, esaterako. 2009an bereziki, Eguesibarren. Burlatan, berriz, iaz izan zen mugimendu gehien. Kontsultatu, herriz herri.
Eskualde gaztea
Gaztea da, oro har, Iruñerriko biztanleria. 20-59 urte artean pilatzen da populazioaren zatirik zabalena. Ondoko grafikoan, herriz herri aztertu daitezke adinari dagozkion aldaketak.
Hala ere, jaiotzak gero eta gutxiago dira. 2011 jo zuten goia, 4.013rekin. Iaz, ordea, 2.769 izan ziren. Heriotzek, aldiz, gora egin dute. 2020an, esaterako, jaiotza baino heriotza gehiago izan ziren. Baina koronabirusak eragina izan dezake zenbateko horretan.