Eguesibarren Euskaraldian parte hartzeko deia egin dute 'Grease' abestiaren bertsio berezi baten bidez

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 6a, 19:55

Ainara Jauregi, Koldo Azkona (Euskara teknikaria), Asier Larrinaga, Amaia Loitegi, Urki Garrues eta Amaia Etxarte Iturralde Eguesibarko Udaleko Euskara zinegotzia

Asteburu honetan ospatuko diren Sarrigurengo bestetan abestiaren aurkezpenaz gain, beste hainbat ekimen burutu dute Euskaraldiaren berri emateko. Iker Bengotxea eta Nerea Erbitiren ahotsez gain, Sarriguren Kantuz taldeko kideenak ere aditzen dira kanta ezagunaren bertsio honetan.

Eguesibarko Udalak bat egin du Euskaraldia ekimenarekin eta, horretarako, lankidetzan arituko da Eguesibarko herritarren batzordearekin abenduaren 3ra arte eginen diren jardueretan.

Amaia Etxarte Iturralde, Eguesibarko Udaleko Euskara zinegotziak azaldu duenez “Eguesibarko Udalak gogotik hartu du herritarren partaidetza aitzinatzeko erronka eta burutu berri den diagnostikoa oinarri harturik, hainbat dinamika eta talde bultzatzen ari da, Euskaraldiaren bidez Ibarrean euskara erabiltzeko eginen den urratsa kasu.”

2016ko udazkenean izan zen euskara bultzatzeko lehenbiziko ahalegina. Horretarako, partaidetza prozesu bat abiatu zen, diagnostiko partekatua egiteko eta helburuak ezartzeko.

Aurten, otsailaren bukaeran, Euskara Zerbitzuak Euskaraldiaren lehenbiziko aurkezpena antolatu zuen, Topaguneko arduradun batek emana. Euskara zinegotziak adierazi duenez “Auzokideek harrera ona egin zioten ekimenari, eta jendeak batzorde bat sortu zuen. Izan ere, talde horrek ilusioz betetiko lan erritmo bizia hartu du. Ideia anitz planteatu ditu, Udalaren laguntza izanen dutenak”

 

Partaidetza prozesua

Ainara Jauregi eta Asier Larrinaga Eguesibarko Euskaraldia talde eragileko kideek adierazi dutenez, gogotsu heldu diote Topagunearen deiari eta hamaika ekimen aurrera eramateko prest elkartu dira lan batzorde batean.

Hauek dira, azaldu duten bezala, haien zeregin nagusiak: Eguesibarrek Euskaraldia proiektuan izena ematea; kideen barne prestakuntza; hainbat tokitan eman diren prestakuntza ikastaroak jaso; hasierako taldea zabaltzea; Udalarekin lankidetzan aritzea, elkarren arteko programazio bat antolatzeko; komunikazio proiektu bat gauzatzea (gizarte sareak, multimedia euskarriak...); jarduera sorta bat programatzea eta horren gastuak aurreikustea; jardueren kronograma; auzokideek ahobizi eta belarriprest eginkizunetan izena ematea; ekimena azaroko 11 egunetan gauzatzea; eta prozesuaren ebaluazioa.

Udalarekin batera programatuko diren ekintzen artean  lehenbizikoak Sarrigurengo jaietan eginen dira. Horrela, bi kanta aurkeztuko dituzte (bat  “Grease” musika oinarri harturik eta bestea Van Morrisonen kanta bat), txupinazoan 11 auzokidek eramanen dituzte Euskaraldia hitzaren hizkiak argazkia egiteko eta festek iraun bitartean ekimenaren inguruko informazioa emanen diete auzolagunei modu desberdinetara.

Erlazionatuak

Euskaraldiarako Eguesibarko kanta

Euskalerria Irratia 2018 eka 06 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!