Mikel Oteiza 1980an jaioa da, Lehen Hezkuntzako irakasletzan diplomatua, Atargi ikastetxeko publikoko aita —datu hori nabarmendu ohi du—, 2015etik Atarrabiako alkatea, lehenagotik herriko hainbat kultur eta gizarte taldetako kidea eta, orain, EH Bilduren Espainiako Diputatuen Kongresurako Nafarroako zerrendako bigarren hautagaia. Elkarrizketa Eneka Maiz zerrendaburuarekin hitzartua zegoen, baina etxarriarrak arazo pertsonalak eduki dituela-eta atarrabiarra gerturatu da Iruñeko Karrika Nagusiko plato estudiora.
Orain arte, tokiko politikarekin oso lotua ezagutu zaitugu, munizipalismoarekin eta Atarrabiarekin. Halako batean, Kongresurako hautagai. Noiz eta nola egin zizuten proposamena eta zergatik onartu zenuen?
Proposamena Atarrabiako jaietan egin zidaten; ez dakit defentsa baxuekin harrapatu ninduten. Txantxak aparte, egia da Atarrabiako jaietan izan zela. Hauteskunde aurrerapenarekin dena azkartu egin da, eta honetan parte hartu nahi ote nuen planteatu zidatenean, askatasun osoz baietz esan nuen.
Lehenagotik iragarria daukat ez naizela berriz alkatetzara aurkeztuko, baina taldearekin eta EH Bildurekin dudan konpromisoak bere horretan jarraitzen du. Konpromiso horri helduta, aurrera egitea erabaki nuen. Banekien kanpainan egotea bizia zela, nahiz eta ez nekien horren gogorra zenik.
Nekatuta sumatzen zaitut.
Bai, norberaren lana eta bizitza kanpainaren intentsitatearekin uztartzea gogorra da. Baina aitortu behar dut bere alde politak ere badituela.
«Eskubideetan, autogobernuan eta gure hizkuntzan sakondu nahi dutenentzat aukerarik eta bermerik onena Euskal Herria Bildu da»
Nola ikusten dituzu diputatu izateko aukerak? 2023an 34.600 botora geratu zineten.
Horrela esanda urrun dirudi, ezta? Baina uste dut hauteskunde hauetan gure sabaia apurtuko dugula, nahiz eta ez dakidan noraino iritsiko garen. Badakit, teorian eta printzipioz, ni ateratzea urrun samarra nagoela; beste alderdiek zer ateratzen duten eta zer distantzia markatzen diren ere ikusi beharko da. Konplikatua dagoela badakit, baina, esan ohi den bezala, jolastera etorri gara, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Ez al zen errazagoa bigarren diputatu hori lortzea koalizio baten bitartez? Duela urtebete EH Bilduk berak herri moduan aurkeztea proposatu zuen, eta, berrikiago, Geroa Baik foru gobernua sostengatzen duzuen indar politiko guztiak batera joatea. Ez da gauzatu ez bata ez bestea. Zergatik?
Geroa Bairen proposamena harriduraz hartu genuen, azkenean hedabideetara begira egin zuelako, baina saiakerak egin genituen eta akordioetara iristen saiatu ginen. Guk ez dugu betorik jartzen, baina ez zen posible izan.
Xehetasun gehiegitan sartu gabe, guk gure kongresuan adostasun bat atera genuen Euskal Herritik kanpo Euskal Herri gisa joateko hauteskundeetara, alderdia baino lehen gure herria ordezkatzera. Saiatu gara horretan eta prest egon gara akordioetara iristeko, baina ez da modurik izan.
PSNko foru parlamentari Ibai Crespok mikrofono hauen aitzinean esan du EH Bildu bazkide fidagarria dela. Zuk zer deritzozu, PSN bazkide fidagarria al da? Izanen al da maiatzeko hauteskundeetan zuen atzetik geratzen bada?
Akaso horri PSNk erantzun beharko lioke. Guk badakigu gure jarduera zein den eta gure lehentasunak non dauden. Gauzak oso argi ditugu zentzu horretan, eta uste dut gure eguneroko jardunean eta ekintza politikoan zalantzarik gabe jokatzen dugula. PSNrekin akordioetara iritsi behar badugu, modu diskretuan iritsiko gara, eta hitza ematen badugu, fidagarriak izanen gara.
Zuek bai, baina haiek?
Momentua iritsita ez dakit zer gerta daitekeen; beraiek erantzun beharreko zerbait da. Elkarrekikotasun horretan jokatzen badugu, beraiek ere fidagarriak izan beharko lukete, baina hori haiek argitu beharko dute.
«Eskuin muturraren olatua eskubideekin, bizi baldintza hobeekin eta askatasunekin desegiten da»
PPren eta Voxen arteko gobernua eragozteko PSOEri inolako marra gorririk ez diozuela jarriko diozue.
Kanpaina honetan behin baino gehiagotan saiatu gara azaltzen: guk bi helburu ditugu. Alde batetik, eskuin muturrari ateak ixtea, eta horretarako PSOEren edo Pedro Sánchezen gobernu bat eratzeko gure botoak jarriko ditugu.
Baina horrek ez du esan nahi etorkizunean gure aztarna utziko ez dugunik. Gobernu hori osatzen bada, gero gobernatu beharko da eta politikak egin beharko dira. Ekimen horiek baldintzatzeko prest gaude, orain arte egin dugun bezala. Hori izan da gure jarduera azken urteetan, eta horixe izanen da etorkizunean ere egoera hori errepikatzeko aukera badugu.
Nafarroa Garaiko eskuinak pragmatikoagoak izan dira: Diputatuen Kongresura UPN eta PP elkarrekin, eta Senatura akordioa bion eta Voxen artean. Zer ondorio eduki dezake horrek maiatzeko foru hauteskundeetan?
Beraiek behin eta berriz errepikatzen dute hau estaturako akordio bat dela eta Nafarroan beste logika batekin eginen dutela lan, baina ez dakit hori horrela izanen ote den. Badakiguna da —eta askotan esan dugu— UPN, PP eta Voxen arteko batuketan aldagaien hurrenkerak ez duela emaitza aldatzen.
UPN oso alderdi foralista izan da urteetan, baina bere izaera berari uko egin dio autogobernuaren kontra egiten dutenekin akordioa lotuz. Nire irudikoz, UPNk nolabaiteko suizidio politikoa egin du.
«UPNk nolabaiteko suizidio politikoa egin du bere burua autogobernuaren kontra dauden PPrekin eta Voxekin lotuz»
Atzoko Sanchezen, Feijooren, Yolanda Díazen eta Abascalen arteko eztabaida zer iruditu zitzaizun?
Berri Txarraken Betiko leloaren betiko leloa kantuak oso ongi adierazten du han entzundakoa. Gauzak argi ikusi ziren: alderdi atzerakoiak eta autoritarioak zeintzuk diren, non kokatzen diren eta horrek zer arrisku dakarren.
Eskuin muturraren oldarraldiaren aitzinean, zer egin daiteke Diputatuen Kongresutik?
Eskuin muturrari ateak itxi behar zaizkio eta, horretarako, batzuetan interes orokorrari begiratu behar diogu, alderdiko interes propioei begiratu ordez. Zabalak izan behar dugu, gauzak perspektibarekin begiratu eta modu tinkoan baina aniztasunez jokatu atzerakoiei bidea ixteko. Azken finean, olatu hori eskubideekin, bizi baldintza hobeekin eta askatasunekin desegiten da, eta hori izan behar da gure ekintza politikoaren funtsa.
Hauteskunde kanpaina honetako ardatzetako bat etxebizitza da, eta hor tentsio bat nabari da egiten dituzuen aldarrikapenen eta Madrilgo zein Iruñeko gobernuei ematen diezuen sostenguaren artean. Nola daramazue kritikotasunaren eta sostenguaren arteko oreka hori?
Gu anbiziotsuagoak gara, eta gustatuko litzaiguke politika sakonagoak eta eraginkorragoak egitea, baina badakigu gaiak ez direla errazak. Atzo Arnaldo Otegiri entzun nion elkarrizketa batean ezin dugula magiarik egin; guk ezin dugu esan iritsi eta bi hilabetetan arazoa konponduko dugula.
Gauzek beren zailtasunak dituzte. Adibide bat jartzearren, eremu tentsionatua Nafarroa osora zabaltzea proposatu dugu guk. Baina hori egiten ez den bitartean, horrek ez du esan nahi Iruñerria eremu tentsionatu izendatzearekin ados egonen ez garenik. Ez da dena ala ezer ez; ulertzen dugu bide horretatik jarraitu behar dugula, orain arte nahi dugun puntura iritsi ez bagara ere.
Minutu bat duzu botoa eskatzeko.
Jakin badakit Euskalerria Irratiko entzuleak ederki ulertzen duela zer dugun jokoan. Badaki aurrera egitearen eta atzera egitearen artean erabaki behar dugula. Eskubideetan, autogobernuan eta gure hizkuntzan sakondu nahi badute, eta gure izaera defendatu, aukerarik eta bermerik onena Euskal Herria Bildu da. Horregatik, igandean, irribarre batekin, joan gaitezen denok gure botoa ematera. Eskerrik asko.