HISTORIA

Luis Nicasio Atanes 1897an hil zutenekoa

Euskalerria Irratia

Esaten denez, azaroa serieko hiltzaileen hilabetea da. Metropoli Forala saioan, 1897ko azaroaren 7an Luis Nicasio Atanesen bizitzarekin amaitu zuen hilketa gogora ekarri dugu Edurne Turrillas historialariarekin.

True Crime deituriko saioak modan daude gaur egun. Genero honek ikusleak erakartzen ditu beti, morboagatik, misterioagatik edo jakin-min hutsagatik. Eta, hain zuzen ere, Iruñean bertan, XIX. mendearen amaieran gertatutako benetako kasu bat ezagutuko dugu. Azaroa serieko hiltzaileen hilabetea denaren ideia zabaldu ohi da sare sozialetan, famatuenetako asko –Ted Bundy eta Charles Manson, adibidez– hilabete honetan jaio zirela argudiatuz. Baina, buloak eta gezurrak alde batera utzita, errealitate tragiko eta ukaezina dena da hilabete honetan Emakumearen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzen dela.

Zifrak ez dira mitoak: 2026an, dagoeneko, Espainian 47 emakume hil dira genero-indarkeriagatik, eta, 2003an erregistro ofizialak egin zirenetik, zifra 1.388ra igo da. Gai premiazkoa da eta gogoratzeko oso beharrezkoa.
Eta gogoeta hori presente dugula, kronika beltzaren haria berreskuratuko dugu, iraganera eraman eta Iruñean XIX. mende amaieran zer gertatu zen ezagutzeko. Hona hemen aurkeztu nahi dizuedan gertaera: Atanesen kasua. Oihartzun handia izan zuen krimena izan zen, bai hilketaren basakeriagatik, bai ondoren prentsan eta epaitegietan izan zuen oihartzun handiagatik.

Biktima Luis Nicasio Atanes Lopez izan zen, 36 urteko gizon ezkondua eta Konstituzioaren Infanteria Erregimentuko militarra. Kubako kanpainan zerbitzatu zuen, eta une hartan Iruñean zegoen, gaixotasunagatiko lizentziarekin. Gainera, Atanesek segurtasun-lan osagarriak egiten zituen udal-biltegian, eta hori oso garrantzitsua da erasoa zergatik izan zen ulertzeko.

1897ko azaroaren 7ko gauean gertatu zen.

Gaueko bederatzi eta erdiak aldera, 17 eta 19 urte bitarteko sei gazte Chentroko tabernan sartu ziren, Estafeta kalean, Tejeriaren izkinan. Edaten egon ziren, aurretik beste tabernetan egin zuten bezala. Handik gutxira Luis Atanes iritsi zen, haietako batekin hitz egin zuen, Gregorio Sotorekin, eta gaueko hamarrak aldera zazpiak elkarrekin atera ziren hiritik Tejeriako Portaletik, Magdalena auzoko taberna batera joateko aitzakian.

Hiriaren kanpoaldean, harresietatik kanpo gertatu zen erasoa, Magdalena auzoan, izen bereko zubia zeharkatu ostean, Conde de la Rosako garbitegitik hurbil (egungo Club Natación igerilekutik oso gertu). Hasiera batean, gazteek gorpua zuhaitz baten ondoan utzi zuten, odoleztatuta. Leku hori hain markatua geratu zen herri-oroimenean, non urteetan “Atanesko zuhaitza” bezala ezagutu zen.

Candido Esparza eta Gregorio Soto Atanesen gainera oldartu ziren. Lurrera bota eta makilekin jo zuten, apurtu arte. Ondoren, Candidok besoetatik heldu zion eta Gregoriok labankada batzuk eman zizkion. Gero, beste guztiek parte hartu zuten, itxuraz hilda utzi arte. Eta itxuraz diogu hau ez zelako hemen bukatu.

Oso ekintza bortitza izan zen. Gorpuak berrogei labankada zituen, eta haietatik lau hilgarriak ziren. Gainera, gorpua lurretik arrastaka eraman izanaren arrastoak zeuden. Bertan makila hautsi bat, ispilu bat, txapela eta botoi bat agertu ziren, borrokan aritu izanaren froga argiak. Lehenengo, gorpua zuhaitzaren ondoan utzi zuten, baina errepidetik ikus zitekeela konturatu zirenean, itzuli egin ziren. Arnasa hartzen zuela ikusita, Antonio Jimenezek lepoa moztu zion, eta azkenean Arga ibaira bota zuten, 43 metrora.

Mendekua izan zen arrazoia. Erasotzaileek lagun bat mendekatu nahi zuten, Fortunato Fernandez, udaltzainburua erasotzeagatik atxilotu zutena. Haiek uste zuten Atanesek, udal gordailuan egindako lanagatik, Fernandez gaizki tratatu zuela atxilotu zuten bitartean. Erresumin horrek eragin zuen krimena.

Gorpua Arga ibaian aurkitu zuten hurrengo goizean, eta horrek izugarrizko zirrara eragin zuen hirian.

Epaiketa 1898ko ekainean egin zen, herri epaimahaiarekin. Tentsio handia egon zen. Defentsa abokatua Atanesi “bala galdua” deitzera iritsi zen, eta horrek fiskalaren erantzun oso gogorra eragin zuen, Kuban zerbitzatu zuen militar gisa bere ohorea defendatu baitzuen, publikoaren txaloak ere jasoz. Epaiketa garaiko egunkarian jarrai daiteke: Diario de Navarra edo El Eco de Navarra.

Kondenak oso gogorrak izan ziren:

  • Cándido Esparza eta Gregorio Soto: heriotza-zigorra, gero biziarteko kartzela-zigorragatik konmutatua.
  • Antonio Jiménez: biziarteko kartzela-zigorra.
  • Pablo Bacaicoa: 17 urteko denbora-katea.
  • Pedro Larraioz: 12 urteko denbora-katea.
  • Pedro Elía Oroz izan zen absolbitu zuten bakarra.

Atanesen krimena gaztetasunaren ustezko degenerazioren adibide gisa erabili zuen prentsa kontserbadoreak, ardoari zein labanari eta haren kriminalizazioari lotuz. Baina morboaz haratago, gizarte-gatazkez, gazte-indarkeriaz, garaiko maskulinitateaz, alkoholaz eta justiziaren zentzuaz hitz egiten digu. Horrek guztiak gogoetarako hainbat galdera planteatzera eramaten nau:

Benetan aldatu al gara gizarte bezala? Nortzuk okupatzen dugu gaur egun espazio publikoa eta zein modutan egiten dugu? Jarraitzen al du prentsak —edo gizarteko zenbait sektorek— gazteak kriminalizatzen? Eta urrats bat harago joanda... nola erlazionatzen gara gaur egun gure artean? Zer paper jokatzen du alkoholak honetan guztian? Modu berean sozializatzen dugu edo ezberdin erreakzionatzen dute gizonezkoek eta emakumezkoek alkohola kontsumitu ondoren? Zer dago benetan portaera horren atzean?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!