BARATZONDO

Lufa: belaki naturala

Euskalerria Irratia

Plastikozko belakien alternatiba ekologiko gisa gero eta ezagunagoa da lufa, baina askok uste dutenaren aurka, ez dator itsasotik: baratzean bertan landatu daitekeen kuiatxoaren familiako landare igokaria da

Azken urteotan, etxeko ohiturak jasangarriago egiteko saiakeran, lufa belakiak leku nabarmena hartu du dutxetan eta sukaldeetan. Luffa generoko landareen fruitu heldu eta lehorretik lortzen den zuntz-sare naturala da belaki hau. Kukurbitazeoen familiakoa denez —kuia, kuiatxo edo luzokerren senidea—, barazki moduan ere jan daiteke fruitua gaztea denean, baina gurean belaki begetal gisa erabiltzeagatik egin da ezagun.

Jatorriz eremu tropikaletakoa bada ere, Euskal Herriko baratzeetan eta lur-sail eguzkitsuetan ere landatu daiteke, baita balkoi edo terraza handietako loreontzietan ere. Ziklo luzeko landarea denez, udaberri hasieran babesean erein behar dira haziak, eta maiatza aldera —izozte arriskua pasatzean— kanpora atera.

Eguzki ordu asko, lur aberatsa eta udan ur ugari behar ditu. Landare igokaria denez, ezinbestekoa da sare bat edo euskarri bertikal sendo bat jartzea, fruituak airean zintzilik hazi daitezen eta lurrarekin kontaktuan usteldu ez daitezen. Udazkenean, fruituak marroi jarri eta lehortzen direnean, azala kendu, barruko hazi beltzak atera eta uretan garbitu besterik ez da egin behar erabiltzeko prest izateko.

Behin lehortuta, lufa gogorra da, baina uretan bustitzean asko biguntzen da eta erabilera ugari ditu: bainurako belaki esfoliatzaile bikaina da, azaleko zelula hilak kentzen eta odol-zirkulazioa suspertzen laguntzen baitu. Bestetik, ontziak eta platerak garbitzeko espartzu natural gisa erabiltzen da, gainazalak urratu gabe garbitzen baititu.

Gainera, bere abantaila nagusia ingurumenarekiko errespetua da. Plastikozko espartzuek eta belaki sintetikoek ez bezala, lufak ez du mikroplastikorik askatzen erabiltzean. % 100 naturala eta biodegradagarria denez, hilabete batzuen ondoren bere bizitza erabilgarria amaitzean, konpostera bota eta berriro lur bihurtzen da, zikloa modu naturalean itxiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!