Irache Kontsumitzaileen Elkarteko Maider Maiorak zuhurtziaz eta buruarekin kontsumitzeko zenbat aholku eman ditu Euskalerria irratian. Black Friday bezalako egunak, gure jendartean oso txertatuak daudela esan du eta oso zaila izango dela sortu berri diren ohitura horiek desagertzea. Bestetik, ohartarazi duemez, produktu modan badago, nekez jaitsiko diote prezioa: «Modan dagoen zerbait hori ez dute merketuko; bere prezioan saltzen da eta nahi izatekotan erosiko duzu». Horregatik, beherapen handienak outlet edo modaz pasatutako gaietan egoten direla azaldu du, eta % 75eko edo % 90eko deskontuak iragartzen dituztenean kontuz ibiltzeko eskatu du, «tranpak baliatzen dituztelako jendea erakartzeko».
Bestalde, sarean erosketak egitean erabiltzen diren presio-mezuen aurrean erne egoteko gomendatu du elkarteko kideak: «'Azken unitateak' edo 'azken aleak' aipatzen digutenean, iruzurra da». Bere esanetan, horrelako abisuekin erosleari presa sartu nahi izaten diote diru gehiago lortzeko, eta zalantzak sortzen direnean hobe da erosketa ez egitea, «zeure burua abisatzen ari zaizu ez duzula behar, ez duzula erosi behar».
Azkenik, iruzurrak saihesteko eta erosketa seguruak egiteko urrezko bi aholku nabarmendu ditu: batetik, https:// hasiera eta kandadu-ikono itxia duten webgune ziurrak erabiltzea, eta bestetik, erosketa-tiketa gordetzea, «tiketa kontserbatzen baldin badugu, 14 eguneko epe naturalean itzulketa egiten ahal dugulako».