A29 Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak

«Nafarroan aldaketa sakona eta blokeko logikak gurutzatzen dira»

Juan Kruz Lakasta Zubero

Azken txanpan dagoen Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren analisia egin dugu Joxerra Senar eta Ibai Fernandez kazetariekin. Nafarroan, diputatu eta senatari banaketan aldaketarik ez izatea aurreikusten dute biok ala biok; Fernandezek, ziurtasunez: «Aldaketak egotea ezusteko handia litzateke»; eta Senarrek, zuhurtziaz: «Ez dut erabat baztertzen bestelako agertoki bat».

Espainiako emaitzei begira, Senar (Berria egunkariko Nafarroako ordezkaritzako burua) zein Fernandez (Diario de Noticias egunkariko politika alorreko kazetari ohia) ezkor azaldu dira. Senarren hitzetan, «inkestak eta probabilitatea aintzat hartuz, PPren eta Voxen arteko gehiengoa litekeena da, nahiz eta zirrikituren bat gera daitekeen».

Nafarroako joko-taularen azterketan, bi kazetariek nabarmendu dute kanpainaren foku nagusia Madrilen dagoela eta Nafarroan indar politiko guztiek agenda horren arabera jokatu dutela. Horrexegatik, Nafarroan azken hamarkadan izan den aldaketa sakona eta Madrilgo blokeen logika gurutzatzen ari direla uste du Fernandezek.

UPNren eta PPren arteko akordioaren inguruan, Senarrek esan du «begi-bistako komenientzia bat» dagoela Pedro Sanchezen aurka, eta «akordio garestia» izan daitekeela UPNrentzat, Voxen autogobernuari buruzko jarrerak ezagututa. Fernandezen irudikoz, elkarketa eta boto truke horrek «UPNren ahulezia» uzten dute agerian.

Fernandezen irudikoz, alderdi sozialistak kanpaina pertsonalista eta «inteligentea» egin du Pedro Sanchez erdigunean jarrita. Eta Senarrek azpimarratu du PSNren eta EH Bilduren arteko elkarlana eta gerturatzea pisu handia izaten ari dela diskurtsoetan.

EH Bilduren kasuan, Eneka Maizen hautagaitzak «EH Bilduren euskararen aldeko apustua» erakusten uste du Senarrek. Fernandezek koalizio subiranistak emaitza onak erdietsiko dituela gaineratu du. Biok ala biok Geroa Bairentzat hauteskundeok ataka estua dela uste dute. «Eserlekuak galtzeko arriskuak eta polarizazioak kalte egin diete, eta lortzen ahal dutena da maiatzeko hauteskundeei begirako jarrera eta diskurtso koherenteak edukitzea».

Azkenik, gogora ekarri dute 2023an Nafarroan Sumar diputatua lortzetik 2.500 boto ingurura geratu zela, eta honako honetan, aldiz, Podemos-Ahal Dugu eta Fronte Zabala banandu ondotik, aukerarik gabe geratu direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!