Igande honetan estreinatzen den "Berriro Mundu Berri Bat" obra entsegura hurbildu gara

Euskalerria irratia

Igande honetan estreinatuko da Berriro Mundu Berri Bat antzezlana. May Gorostiagak idatzitako gidoiak haur publikoarentzako euskarazko testu dramatikoen XXXV. lehiaketa irabazi zuen, eta Iruñeko Antzerki Eskolan taularatuko du lehen aldiz. Azken egunotan, gogor aritu dira lanean estreinaldia prestatzen, eta entseguetako batera gerturatzeko aukera izan dugu.

Sorkun eta Ekine ez dira geldirik egotekoak. Ahal duten guztietan, ganbarara joaten dira, beraiek «Sorkuntza Garrantzitsuen Laborategia» deitzen dioten txokora, asmakizunak sortzera. Irudimena lagun, eta Marmitako lagun maitearen eta Izebaren maitasunarekin, badirudi ez dagoela haien sormena geldituko duenik. Baina bada haien sorkuntzen argia itzali nahi duen norbait: Ilun Jauna. Lortuko al dute Sorkunek eta Ekinek berriro mundu berri bat sortzea?

Horixe da May Gorostiagaren "Berriro Mundu Berri Bat" antzezlanaren abiapuntua. Haur publikoarentzako euskarazko testu dramatikoen XXXV. lehiaketako obra irabazlea da, Iruñeko Udalak eta ENTNAEk antolatua, eta azaroaren29an, igandez, estreinatuko da Iruñeko Antzerki Eskolan. 

Intujai konpainiaren eskutik iritsiko zaigu taulara, May Gorostiagaren zuzendaritzapean. Hala,  irudimena, sormena eta adiskidetasuna ardatz dituen proposamen honek 60 minutuko iraupena du, euskaraz eskainiko da eta lau urtetik gorako haurrei zuzenduta dago. Txikienekin batera mundu berriak irudikatzeko eta sortzeko gonbidapen ederra. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!