“Albokaren garra, odolaren boza” dio Ibon Koteronen eta Kepa Junkeraren biribilketa batek eta hala da. Albokaren soinuak indar berezia du eta zirrara sortzen du pertsona ororengan.
Lehen, alboka Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako leku askotan jotzen zen, nahiz eta albokari asko ez zeuden. 1970eko hamarkadarako, albokari gutxi batzuk baino ez ziren geratu, Bizkaiko eta Gipuzkoako bailara gutxi batzuetan. Gaur egun, susperraldi arrakastatsu bati esker, Euskal Herri osoan entzuten da berriro alboka, eta, zalantzarik gabe, inoiz baino albokari gehiago daude.
Albokaren osagaiak hauek dira: bi tutu zilindriko -batek bost zulo ditu eta besteak hiru-, bakoitzak mihi edo fita bakun bat duela putz egiteko gunea osatzen duen adar txikiaren barruan -hau batzuetan zurezkoa-, hotsa handitzeko adarra eta egurrezko uztarria.
Bi musika-bereizgarrik egiten dute alboka berezi nagusiki. Batetik, etengabeko putzaren edo arnasketa zirkularraren bidez eragindako hots jarraitua; hau da, arnasa sudurretik hartuz eta, aldi berean, ahotik botaz, gaiten antzera etenik gabeko soinua sortzeko. Hortaz, albokak zahagi edo ronkoirik gabeko kornamusa baten antza du. Eta, bestetik, tonu desberdinetako bi soinuren agerpena eskalaren 5. eta 6. mailatik aurrera.
Digitazioari dagokionez, sei notako tesitura jotzeko aukera baino ez du ematen, baina zazpidun gutxitua ere jo daiteke zenbait pasartetan, aire-presioa areagotuz. Bestalde, bere berezitasunen artean aipatu beharra dago La doriko moduan dagoela, Fa sostenitua baitauka eskalan. Hala ere, gaur egun Sol eta Re notetan afinatutako albokak daude. Horren adibide da albokotea.
Baina albokak, gure antzera, senideak ditu munduan barna. Alboka hitza gaztelaniazko albogue hitzaren sustraikidea da eta baliteke biak arabierako Al-buk (tronpeta edo adarra arabiarrez) hitzetik eratorriak izatea, nahiz eta zenbait aditu iritzi horrekin ados ez dauden. Horregatik, Ipar Afrikan eta Ekialde Erdikoan aurki ditzakegu bi tutu eta behi-adarreko erresonantzia-pabiloia dituzten kornamusak, ronkoirik gabeak. Adibidez, mizwada (Tunisia), zukra (Libia) eta jirba (Bahrain). Egiptoko arghulak ere alboka gogorarazten du.
Baita hiru tutuko Sardiniako launeddasak ere, neurri txikiagoan bada ere. Mendebaldeko Europan, Madrilgo gaita serrana eta Galesko pibgorna tutu bakarreko zurezko aire-instrumentuak ditugu, arnasketa zirkular bidez jotzen direnak eta adarrez egindako erresonantzia-pabiloia dutenak. Bohak ere baditugu (Landetako kornamusak) tutu bikoitza dutenak, eta albokaren tutuaren eboluzioa izan daitekeena.
Baina hona hemen albokaren ezberdintasuna: tutu bikoitzeko beste kornamusa batzuetan, soinu bakarrean jotzen da eskala osoan, edo tutuetako bat ronkoi gisa erabiltzen da. Albokaren zenbait eskalatan, aldiz, musikariak aukera du eskuineko tutua ronkoi gisa edo harmoniarako erabiltzeko, melodia beste tutuaren bidez jotzen duen bitartean. Horrela, entzule ororen arreta erakartzen duten efektu polifoniko intermitenteak lortzen dira. Ezaugarri horregatik esan ohi da alboka Euskal Herriko tresna endemikoa dela.
Orain arte ikusitakoaren arabera, alboka zaharra jai-girorako tresna zen, eta biribilketak, fandangoak eta arin-arinak jotzeko erabiltzen zen. Mende-aldaketa aldera, albokak gainbehera handia izan zuen. Hain zuzen ere, albokarako pieza tradizional gutxi iritsi dira gurera; 20 bat edo, eta gehienak biribilketak, fandangoak eta arin-arinak dira.
Tesituraren ondorioz mugatua egon arren, hainbat musikariri esker gaur egun ehundaka doinu ditugu albokarekin jo ahal izateko, eta panderoarekin ez ezik, abesbatzekin, orkestra sinfonikoarekin, saxofoiekin edota base elektronikoekin batera entzun ahal izan dugu alboka, folk, rock edo tekno musika-estiloetan murgilduta.
Lehen denak behi-adarrez eginda zeuden, baina zenbait euskal luthierren lanaren ondorioz, gaur egun egurrez edota plastikoz egindako albokak eskura ditzakegu.
Beraz, esan dezakegu alboka dela mugarik ezagutzen ez duen musika-tresna mugatua.