ARANZADI

Izaro Quevedo: “Izarraitz bizileku egonkorra zela erakusten digu bertan aurkitutakoak”

Euskalerria Irratia

Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketa-kanpaina egin du Azpeitiko Izarraitz mendilerroan, eta duela 3.800 urteko jarduera egonkor eta esanguratsu baten arrastoak topatu ditu

Asurtzu 4 Izarraitz mendilerroko aire zabaleko aztarnategi bat da, Azpeitian kokatua. Bertan egindako azken indusketek baieztatzen dute Neolitotik Brontze Arora arteko giza presentzia egon zela, eta, bereziki Brontze Aroan (duela 3.800 eta 2.800 urte artean), jarduera egonkor eta esanguratsua izan zela.

“Ez gaude kobazulo baten aurrean, ezta trikuharri baten aurrean ere; mendi gaineko bizitza antolatu baten arrastoak dira, aire zabalean agertu direnak. Horrek mendien historia kontatzeko modua bera berrikustera garamatza, paisaia hauek iraganean izan zuten giza dimentsioa nabarmenago eginez”, adierazi digu Izaro Quevedo arkeologo eta historiaurrean adituak, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta Asurtzu 4ko indusketaren zuzendariak.

Azaroan astebetez egindako indusketa-kanpainaren helburua 2022an identifikatutako balizko labe bat sakonago aztertzea izan da. Horretarako, indusketa-eremua bi metro zabaldu eta 62 zentimetroko sakonerara iritsi ziren. Lan horien ondorioz, zeramika-zati berriak berreskuratu dituzte; tartean, ontzien gorputz-zatiak, oinarriak, ertzak eta apaindutako piezak. Horrez gain, su txiki berri bat topatu dute. Gainera, joan den urtean labean arkeomagnetismo bidez hartutako laginak aztertzen jarraitzen dute, azken sua noiz piztu zen zehazteko. Horrek aukera emango du labea azkenekoz noiz erabili zen jakiteko eta, ondorioz, data zehatzago bat proposatzeko.

“Aurkikuntzek iradokitzen dute jarduera termiko erregularra egon zela eta Brontze Aroan okupazio-fase egonkor bat izan zitekeela. Horrek pentsarazten du mendi-ingurune hau ez zela soilik igarobide edo estazio puntual bat, baizik eta jarduera antolatuak hartu zituen espazio bat”, azaldu du Quevedok. Izarraitz, beraz, ez zen paisaia hutsa: bertan lan egin zen, suak piztu ziren eta litekeena da komunitate baten eguneroko jardueraren parte izatea.

“Okupazio-sekuentzia luze bat erakusten du: Neolitoko arrasto sakabanatuak, Kalkolito eta Brontze Aroko fase sendoena, ondorengo hutsune bat, eta Erdi Arotik aurrerako presentzia estazionala, abeltzaintza eta bestelako ustiapen tradizionalekin lotua”.

Testuinguru horretan, Asurtzu 4k aukera ematen du Gipuzkoako protohistoria hobeto ulertzeko eta, bereziki, aire zabaleko mendiko okupazioen inguruan oraindik gutxi ezagutzen den esparru bat argitzeko.

Bigarren Solairua saioan Izaro Quevedo elkarrizketatu dugu indusketa-kanpainak Asurtzun utzi dituen ondorioen inguruan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!