Irene Ruiz Itaiako kideak Euskalerria Irratian azaldu duenez, eskuinak eta ultraeskuinak emakume langileen aurkako programa politikoa dute, eta ideia matxistei hauspoa ematen diete. Horren aurrean, beharrezkotzat jo du kalean mobilizatzen jarraitzea eta matxismoaren aurkako borroka langile mugimenduan indartzea. Ruizen hitzetan, erasoen aurrean erantzun mobilizatzailea antolatu behar da, herriz herri eta auzoz auzo.
Ruizek ezkerreko alderdien jarduna ere kritikatu du, indarkeria matxista lehentasunezko gaitzat hartu ez dutelakoan. Haren ustez, azken urteetako politika instituzionalek ez dute matxismoa geldiaraztea lortu, eta kaleko mobilizazioa apaldu dute. Horregatik, Itaiak bere mobilizazioa egingo du gaur, sozialismoa emakume langileen zapalkuntzari aurre egiteko ezinbesteko bide gisa aldarrikatuz.