Lehen Hezkuntzako irakasle, Nafarroako Ezker Batuko burkide, Barañaingo Zurekin Nafarroako zinegotzi , Euskararen Nafar Kontseiluko kide eta, orain, Aurrera Doan Senatua koalizioko zerrendetan bigarrena da Ane Sanchez.
«Desadostasunak egotea normala da, gakoa da akordioa lortu nahi izatea. Egon nahi duten guztiak daude Fronte Zabalean»
Zure aurkezpena prestatzerakoan jabetu naiz Ezker Batua, Zurekin Nafarroa eta Aurrera Doan Senatua aipatu ditudala, eta Sumar ere aipa nezakeen.
Eta Nafarroako Alderdi Komunista ere aipa dezakezu.
Pertsona bakarra eta bost marka. Ez al da gehiegi?
Gaur egungo politika halakoa da; ez dugu guk erabakitzen gauzak nola joaten diren. Azken finean, gu beti saiatzen gara ahal den koalizio handiena egiten, gehiengo aurrerakoia izateko. Ez daukagu beldurrik behar den izenarekin aurkezteko. Egia da Zurekin Nafarroa Nafarroako lurraldean osatutako koalizioa dela, eta Sumar, Fronte Zabala eta Aurrera Doan Senatua estatu mailan osatu diren koalizioak direla. Bereizten ditugu lurraldean osatutakoak eta estatu mailan osatutakoak, baina ez daukagu beldurrik edonorekin hitz egiteko eta politika aurrerakoiak aurrera eramateko.
Bazirudien zuen espazio politikoan, ezker federal horretan, Nafarroa salbuespena zela: Espainian Sumarrek eztanda egin zuen eta Podemos atera zen, baina Nafarroan Nafarroa Zurekin markak batasunari eutsi zion. Zer gertatu da orain batasuna hori amaitzeko?
Elkar ezagutzea positiboa da. Dagoeneko urte asko daramatzagu elkarrekin lanean, ez bakarrik legealdi honetan, hau baino lehen ere hasi ginen lanean. Nik uste dut hemen Nafarroan lortu duguna oso positiboa dela: denok batera joatea, pertsonalismoak alde batera utzita eta helburu partekatu batekin lan egitea.
«Alderdi sozialistak behar bezalako neurriak har ditzan, beste alderdiok hor egon behar dugu, bultzatzaka»
Podemos-Ahal Dugu kanpoan geratu da eta Fronte Zabalaren barruan ere tirabirak izan dituzue: Sumar Nafarroak esan zuen Ezker Batuak bere zerrendak inposatu nahi zituela.
Tirabirak beti daude koalizioen barruan, hori horrela da. Guretzat ere ezustekoa izan zen: hauteskundeen deialdia egin zenean eta Fronte Zabala aurrera zihoala jakinarazi zigutenean, guk deitu genuen Sumar Mugimendua hemen, Nafarroan. Beraiekin egon gara elkarrizketan lehen unetik, eta bat-batean albiste hori ateratzeak harritu gintuen. Ez dugu ulertzen zergatik egin zuten hori; azken finean, pertsonak gara eta gauzak hitz eginez konpontzen dira. Elkarrizketan hasi ginen eta dena zegoen moduan geratu zen. Jokabide pixka bat arraroa izan zen, baina aurrera jarraitu dugu gure proposamenekin.
Geroa Baik koalizio zabalagoa proposatu zuen, Nafarroako Gobernua sostengatzen duzuen indar politiko guztiek koalizio bat osatzea, eskuinari eta eskuin muturrari ordezkariak kentzeko. Mikrofono hauen aitzinean, Uxue Barkosek eta Eneka Maizek esan zuten aukera hori Madrilgo zuzendaritzen betoek zapuztu zutela, Madrildik esan zizuetela PSNi eta Fronte Zabalari zer egin. Zuk zer diozu?
Ni ez nintzen bilera horietan egon, baina egia da hori entzun dela. Baina nik badakit, lehen eskutik, hemen Nafarroan aukera egon zela beste koalizio modu bat egiteko, Fronte Zabala Bai izenarekin, Fronte Zabala eta Geroa Baik osatua, eta guk ez genuela ezetzik esan. Beste alderdi batzuek esan zuten ezetz. Azken finean, Fronte Zabalan 15 alderdi gaude sartuta, adibidez Chunta Aragonesista edo Compromís. Nahi duena Fronte Zabalaren barruan dago; ez dago gure esku nor egon daitekeen edo nor ez, edonork izan baitu aukera sartzeko. Igual beste alderdiei galdetu behar zaie zergatik ez dauden Fronte Zabalaren barruan.
Gure mikrofonoetan, Ibai Crespok esan du EH Bildu bazkide fidagarria dela; EH Bilduko Floren Aoizek, PSN fidagarria dela; Geroa Baiko Javi Ollok, PSN ez dela fidagarria. Zuk zer diozu?
Galdera zaila da; batzuetan, programa politiko desberdinak ditugu, hori hala da. Adibidez, Ezker Batuak, Zurekin Nafarroak edo Fronte Zabalak politika aurrerakoiagoak ditugu PSNk baino, eta batzuetan talka egin dugu, bai estatuan, bai Nafarroan, baina azkenean iritsi gara adostasun puntu batera. Eta batzuetan adostasun puntua da bakoitzak bere lerro politikoari jarraitzea, besterik gabe. Politika halakoa da: eztabaidak eta desadostasunak egon behar dira, eta gero adostasun puntura iritsi. Eta nik uste dut lan horretan oso ondo ibiltzen ari garela aipatu dituzun lau alderdiok.
Euskararen Nafar Kontseiluko kidea zara. Aurki, 40 urte beteko ditu Euskararen Foru Legeak. Zuek nola ikusten duzue ofizialtasunaren afera eta hori lortzeko indar oreka?
Gu —Zurekin Nafarroa, Fronte Zabala, Ezker Batua bezala— beti zonifikazioa kentzearen alde egon gara eta gaude. Nik beti esaten dut euskara ondare bat dela, aberastasun oso handi bat. Beti gurpilean makilak jartzea ez da ona hizkuntzarako. Hori gainditu behar dela uste dut, eta Nafarroa osoan euskaraz hitz egiteko eta ikasteko eskubide berdina izan behar dugu. Positiboa izango litzateke noizbait hori gauzatzea, eta zenbat eta lehenago izan, hobeto.
«Zonifikazioaren aurka eta ofizialtasunaren alde gaude: nafar euskaldun guztiok eskubide berberak eduki behar ditugu»
Gobernua sostengatzen duten gainontzeko hiru indarrek —PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik— hitzarmena sinatu dute Erorien monumentuari esanahi berria emateko. Zuek aldiz, sutsuki egin duzue eraispenaren alde. Nola daramazue lauko tentsio hori?
Lehen esan dudan moduan, alderdi bakoitzak bere lerro politikoak ditu, eta guk argi daukagu botatzearen alde gaudela. Erorien monumentu horri ezin zaio esanahia aldatu; beti izango da Erorien monumentua. Frankismoa jasan zutenek eta Gerra Zibilean hildakoen senideek ezin dute hori hor ikusi. Gai zaila da, tentsioak pizten dituena, baina guk hor argi daukagu zein den gure lekua, eta ez gara hortik mugituko. Jarraituko dugu errepresaliatuen elkarteek defendatzen dutena babesten: Erorien monumentua desegitea.
Orain fokua Madrilen paratuko dugu: eskuin muturra eta PP gobernura iristen badira, zer gertatuko da memoria historikoarekin eta beste hainbat gairekin? Oldarraldi horren aitzinean zer?
Uste dut egin diren memoriaren inguruko politika guztiak bertan behera geratuko direla. Voxek eta PPk atzera egingo dute politika askotan: bai memoria demokratikoan, berdintasunean, LGTBI aurkako gorrotoaren diskurtsoetan. Baina uste dut ez garela iritsiko puntu horretara, ez dutela boterea lortuko hauteskunde hauetan. Halere, beti buruan izan behar dugu egun ditugun eskubideak ez dizkigula inork oparitu; beti defendatu eta borrokatu behar dira lortzeko, eta izan daiteke momentu batean galtzea eskubide horiek.
«Nafarroan, abiadura handiko trena baino lehen lurraldea kohesionatuko duen tren sare bat behar dugu»
Kanpainaren markoa, eskuin muturraren oldarraldia. Eta ardatz nagusietako bat, etxebizitza. Espainiako zein Nafarroako gobernuetan zaudete. Begoña Alfaro da Etxebizitza kontseilaria. Hor tentsio bat badago eskatzen dituzuen neurrien eta benetan egin duzuenaren artean.
Etxebizitzako politikak aurrera eramateko urteak behar dira. Azkenean, daramatzagu urte asko etxebizitzaren inguruko politika neoliberalak jasaten, eta horri buelta emateko urteak behar dira. Nik uste dut hemen Nafarroan aurrerapausoak ematen ari garela gauzak aldatzeko. Adibidez, presiopeko eremuak izendatuz —hemen Nafarroan 21 udalerri dauzkagu kategoria horrekin—, eta horren bitartez alokairuei muga jarriz, jendearen bizi kalitatea hobetzeko. Estatu mailan horrelako politikak eraman nahi ditugu. Gobernuan egon gara, baina azken finean etxebizitzako politikak PSOEk eraman ditu, ez ditugu guk eraman. Oso garrantzitsua da buruan izatea PSOEk neurri potenteak egiteko, bere ezkerrean alderdiak egon behar garela hor bultzatzen neurri horiek.
Trenak ere sartu dira kanpainan oso modu larrian mingarrian. Euskal Herrian abiadura handiko trenaren inguruko eztabaida sutsuak izan dira; hor nola kokatzen zarete zuek?
Guk beti defendatu dugu tren sareak lurraldeak antolatzeko direla, eta hemen Nafarroan ez dugula tren sare bat lurraldea bertebratzen duena. Adibidez, Sakanan edo Tuteran bizi bazara, ezin duzu tren bat erabili Iruñera etortzeko lan egiteko edo ikasteko, eta alderantziz ere ez. Orduan, guk eskatzen duguna da tren sare bat osatzea lurraldea bertebratzeko, eta iparraldetik hegoaldera mugitzeko trenarekin.
Minutu bat daukazu botoa eskatzeko.
Politika aurrerakoiak aurrera eramateko, ikusi dugu azken urteotan PSOEren ezkerraldean norbait egon behar dela horiek bultzatzeko. Horregatik ezinbestekoa da Fronte Zabala hor egotea. Aurrekoan, Bustinduyk asko gustatu zitzaidanaesaldi bat bota zuen: norbaitek bere soldata behar baldin badu bizitzeko —alegia, langilea baldin bazara—, zure botoak Fronte Zabalakoa izan behar du, guk langileen eskubideak bermatzen ditugulako. Eta berdin Aurrera Doan Senatuan: hor egon behar gara gehiengo aurrerakoia izateko Senatuan ere.