GIZALABAK

Dorothy Louise Eady, gerora egin ziren aurkikuntzekin amestu zuen emakumea

Euskalerria Irratia

Egiptologo ingeles bat izan zen, baina bereziki ezaguna da Abydos-en egin zuen ikerketa historiko handiagatik, baita aurreko bizitza batean Egipto zaharrean bizi izan zela uste izateagatik ere, Seti I.aren gortearen zerbitzari gisa, Bentreshyt izenarekin

Haren historia bitxia da. 1904an jaio zen, Londresen, eta, hiru urte zituela, etxean erori, eta konorterik gabe geratu zen. Izan ere, hiltzat jo zuten, eta familiaren ohe gainean jarri zuten beilatokirako. Baina handik ordubetera, neskatoa bere onera etorri zen, eta ohean jolasean hasi zen, deus  gertatu ez balitz bezala.

Istripua izan eta urtebetera, neskatoa amets arraroak izaten hasi zen. Bertan zutabez eta fruta-arbolez betetako lorategi oparoz inguratutako eraikin handi bat ikusten zuen. Esnatzen zenean, etsipenez esaten zien gurasoei etxera itzuli nahi zuela. Gurasoek ez zekiten zer zuen alabak.

Behin batean, Britainiar Museora gurasoekin egindako bisita batean, familia antzinako Egiptoko artelanak biltzen zituen gelan sartu zenean, neskatoa korrika joan zen estatuetako oinetan musu ematera. Gurasoak harrituak geratu ziren. Dorothyk orduan adierazi zien gelakoa bere jendea zela eta Egiptoko etxera itzuli nahi zuela.

Kasu handirik ez zioten egin, baina beste egun batean, egunkari batean, Egiptoko Abydos hiriko Osirisen tenpluaren argazki bat ikusi zuen, eta ezagutzen zuela konturatu zen. Bere ametsetan behin eta berriz agertzen zen lekua zen.

Geroztik, Egipto oso erakargarria izan zen berarentzat. Horregatik, hamar urterekin egiptologia ikasten hasi zen Britainiar Museoko kontserbatzailearekin, eta hieroglifikoak irakurtzen ikasi zuen. Handik urte batzuetara Egiptologia karrera burutu zuen.

Orduan hasi zen esaten Seti I.aren mamuarekin gaueko topaketa erromantikoak zituela. Lehen aldian, badirudi gaur egun ezagutzen dugun momia bezala agertu zitzaiola, baina hurrengo aldietan, itxura guztiz normaleko gizon bat bezala.

27 urterekin, Dorothy Egiptoarekin harreman estua zuen aldizkari batean hasi zen lanean.  Bertan, gazte egiptoar bat ezagutu zuen, eta harekin ezkondu zen. Handik gutxira, 29 urterekin, bere iraganaren bila joatea erabakita, Dorothy eta senarra Egiptora joan ziren bizitzera.

Bikoteak seme bat izan zuen, eta Dorothyk Seti izena jarri zion. Ordutik aurrera, Egipton ohikoa zen bezala, Omm Seti (Setiren ama) izengoitia hartu zuen. 

Bi urte geroago, senarrak lan-eskaintza bat jaso zuen Iraken, baina Dorothy ez zen berarekin joan, eta bikotea banandu egin zen.

Dorothy bere semearekin joan zen bizitzera Giza piramideen ondora, eta Egiptoko  Antzinaroko Sailean lan bat lortu zuen dokumentuen erredaktore gisa. Horrelako lanpostua bete zuen lehen emakumea izan zen. 

Khentkaus I. erreginaren hilobiaren aurkitzaileak kontratatu zuen Dorothy, eta horri esker aurkikuntzari buruzko hamar liburuetatik hiru zuzendu, indexatu eta ilustratu zituen. 

Egiptologoaren liburutegia antolatu zuen, eta hieroglifoei buruzko ikasketak hobetzen jarraitu zuen. Ingelesera itzuli zuen "Egiptoar testua" entziklopedia, eta doktorearen emaztearekin batera, antzinako Egiptoko eszenak birsortzen zituzten hamar tapaki handi ere brodatu zituen. Horietako bederatzi gaur egun Brooklingo museoko liburutegian daude, New Yorken.

Dorothy hogei urtez bizi izan zen Menfis inguruan, eta Giza eta Dashurreko zenbait kanpaina arkeologikotan lan egin zuen. Artikulu ugari idatzi zuen induskatutako monumentuei buruz. Gero, berarekin lan egiten zuten gizonezko arkeologoek haien izenekin argitaratu zituzten artikulu haiek; beraz, Dorothyren izena bigarren mailan geratu zen.

Omm Seti ez zen Abydosera joan, Seti I.a maitearen tenplua zegoen lekura, 48 urte izan arte. Antzinaroko Zerbitzuaren eskutik egin zuen, eta tenplura iritsi zenean, oso egoera txarrean zegoen. Bere lana bertako bloke grabatuak katalogatzea eta itzultzea zen, bai lurrean sakabanatuta zeudenak, bai biltegietan gordeta zeudenak.

Pazientzia  handiz, emakume honek tenpluaren zoruan sakabanatuta zeuden 2.000 erliebe-blokeak berreraikitzea lortu zuen.

Garai hartan argi eta garbi adierazi zuen non zegoen  ordura arte aurkitu gabeko lorategi bat.

Era berean, tenpluaren iparraldean tunel bat egongo zela esan zuen, eta ondorengo indusketa batek berretsi zuen hark esandakoa.

Eta dena bere oroitzapenei eta Seti I.aren mamuarekin izandako elkarrizketei esker. Izan ere, dibortzioaren ondoren, badirudi bere ustezko bisitak oso ohikoak bihurtu zirela, eta bertan, edozein maitale-bikotek egingo lukeena egiteaz gain, berak publiko egiten zituen ezagutza batzuk transmititzen zizkion.

Adibidez, Gizako Esfinge Handia eraiki zela uste zen baino askoz lehenagokoa zela.

Bisita horietako batean Atlantidaz eta beste planeta batzuetako bizitzaz ere hitz egin zion.

Denboraldi hartan, Antzinaroko Zerbitzurako egindako lanari esker Abydoseko tenpluko hormak estaltzen zituzten hieroglifikoak xehetasunez irakurri zituen, eta, horrela, faraoien antzinako zeremonien ezagutza zabala lortu zuen. Horren eraginez, tenplu zaharreko geletan erritual sakratuak egiten hasi zen.

Hil baino lehentxeago, Omm Setik telebistarako dokumental pare batean parte hartu zuen. Horietako bat, BBCrena, eta bestea, National Geographicena. "Abydos, Antzinako Egiptoko Hiri Santua" izeneko liburua ere idatzi zuen.

Abydosen hil zen 1981eko apirilaren 21ean. Berak antolatu zuen hileta. Bere hilobia Mendebaldera begira jar zezatela agindu zuen, Osirisen erreinua dagoen lekura, goizero Ra-ren, Eguzki jainkoaren, irteera ikusteko.

Garai hartako agintari egiptoarrek ez zuten inoiz erotzat hartu, baizik eta "Abydos inguruan edozein misio arkeologiko edo lan serio egiteko ezinbestekotzat".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!