Unai Sueskun (LAB): «Osasunbidean eragina nahi bada, desberdinen arteko akordioak lortu behar dira»

Euskalerria Irratia

Etxebizitzarekin aplikatutako errezeta bera ezarri nahi du olatu erreakzionarioak osasungintzan: «Osasun eskubidea negozio bihurtzea». Joera hori ekiditeko, gehiengo sindikalak eta Osasunbideak sinatutako akordioa urrats bat dela dio LABeko Unai Suescunek.  

Osasunbideak eta gehiengo sindikalak (LAB, SATSE, UGT, AFAPNA eta SAE) akordioa sinatu dute osasun sistema publikoa indartzeko eta langileen lan baldintzak hobetzeko helburuarekin; ELA, CCOO eta Medikuen Sindikatua, aldiz, itunetik kanpo geratu dira, bertzeak bertze.

Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan eginiko elkarrizketan, LABeko ordezkari Unai Sueskunek ohartarazi du azken urteotan «olatu erreakzionario» baten aurrean daudela, eta etxebizitzarekin aplikatutako errezeta bera ekarri nahi dutela osasungintzara: «Osasun eskubidea negozio bihurtzea». Hori ekiditeko bidean sinatutako akordioa urratsa bat dela nabarmendu du. 

Negoziazioak ekainean abiatu zituzten, eta Sueskunek aitortu du ez dela erraza izan intersindikaleko mahaian ados jartzea: «Ideologia ezberdinetako sindikatuak gaude, sindikatu korporatiboak ere badaude, baina gutxieneko batzuk adostu genituen». Era berean, nabarmendu du LABek hasieratik plantillak indartzea planteatu zutela, hori zela sindikatu abertzalearen marra gorria eta zenbaki zehatzak jarri zituztela mahai gainean.

ELAk eta CCOO sindikatuek ez dute akordioa sinatu, eta horren inguruan galdetuta, LABeko kideak azpimarratu du bertze sindikatuen posizioak errespetatzen dituztela. Hala ere, ELAren ezezkoaren aurrean, Sueskunek gogorarazi du bi sindikatuen posizioa oso ezberdina dela Osasunbidean: «Gu lehen indarra gara, Sindikatu Medikoarekin batera, eta ELA azkena». Horrekin batera, gaineratu du Mahai Sektorialean zortzi sindikatu daudela, eta administrazioan eragina izan nahi bada, «desberdinen arteko akordioak lortu behar direla, eta batzuetan ELAk ez du hori ulertzen».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!