Eskolak euskarazko hiztunak sortzen dituen arren, ikasle horiek kalean euskaraz aritzeko zailtasunak dituzte maiz. Amonarrizen ustez, hezkuntza sistemak hizkuntza ezagutza sakona eta jarrera egokia landu behar ditu, baina eskolak berak mugak ditu: «Hizkuntza normalizazio prozesuen motorra ezin daiteke eskola izan; gizartean dago: kalean, erakundeetan, elkarteetan, lan munduan». Horregatik, eskolaz kanpoko errefortzua ezinbestekotzat jo du, bereziki gertukoenak diren bi esparrutan: familietan eta eskolorduz kanpoko aisialdian.
Ikastetxeen barruko dinamikari dagokionez, D ereduko eskoletan eta ikastoletan baliabideak eta erabilera planak badaudela onartu du, baina ikasleek jasotzen duten benetako mezuan jarri du arreta. Irakasleei maiz egiten dien galdera baten emaitza ekarri du gogora: «Hamarretik bederatzik erantzun didate euskaraz irakastea eta kito; hori dela gaur egun beraien ikasleek erantzungo lidatekeena. Eta uste dut hor daukagula gakoa». Soziolinguistaren arabera, egoera iraultzeko hezkuntza komunitate osoa —zuzendaritzak, irakasleak, langileak, gurasoak eta ikasleak— aktibatu behar da, eta erabilera erdigunean jarri: «Ez dauka zerikusirik baliabideekin, baizik eta jarrerarekin, konpromiso orokor batekin».
Nafarroako errealitateari erreparatuta, euskararik ez dakiten familien inplikazioa ere funtsezkoa dela nabarmendu du. Kanpotik etorritako nahiz bertako guraso erdaldunek sarritan zalantzak eta beldurrak izaten dituzte etxeko lanekin edo seme-alaben ikasketa prozesuarekin. Amonarrizek guraso horiek lasaitu, informatu eta seme-alaben bidelagun bihurtzera animatu ditu, musikaren, ipuinen edo ikus-entzunezkoen bidez: «Euskararik batere ez dakiten gurasoen etxeetan ere euskara presente behar du egon maitatua izan dadin». Horrekin batera, D ereduaren aldeko komunikazio lan etengabea egiteko deia egin du.
Azkenik, Iruñerrian eta Nafarroako hegoaldean euskararen arnasgune funtzionalak sortu eta ugaritu behar direla aldarrikatu du. Alegia, eskolatik kanpo haur eta gazteei hizkera kolokialean aritzeko espazio erakargarriak eskaintzea, hala nola kirolean, musikan edo kultur sorkuntzan: «Guk lortzen baldin badugu ballet eskola batean gutxienez talde batzuek euskaraz funtzionatzea, talde horiek gero inertziaz kalean ere euskaraz jarraituko dute neurri handi batean». Ikus-entzunezkoen mundu globalizatuan eragitea zailagoa den arren, gertuko aisialdian eragiteko aukera handiak daudela gogorarazi du: «Aisialdia neurri handi batean gure esku dago: udalen esku, diputazioen esku, herrietako eragileen esku».