Pablo Sarasate musika kontserbatorioko zuzendaritzak, oraingoak eta orain arte izandakoek, Hezkuntza Departamentuari eskatzen ari zatzaizkio ez dezala oinarrizko formazioa erretiratu. Funtsezkoa iruditzen zaie oinarrizko maila mantentzea: hori gabe, kaltea, eskaera gutxien duten musika tresnei eginen liekeela uste dute eta arriskuan uzten dituela Gradu Profesionala eta Goi Mailakoa ere. Izan ere, oinarrizko irakaskuntza ez bada eskaintzen zenbait musika tresnentzat bereziki, ezinezkoa izanen da goragoko mailetan ikasleak izatea oinarrizkorik ez dutelako.
Ez da lehen aldia arrisku horretan daudela. Aurretik ere, oinarrizko maila hori gabe geratu zen Pablo Sarasate musika kontserbatorio profesionala eta musika eskoletan baino ez zen aukerarik horretarako. Motz geratzen dela uste dute eta osagarria litzatekeela kontserbatorioan ere eskaintzea eta ziurtatu eginen lukeela musika tresna batzuen etorkizuna. Harpa, klabezina, txirula eztia, oboea, biola, kontrabaxua, tronpa eta fagota ikasteko oinarrizko maila eskaintzeaz ari dira. Aukera eskainita musika tresna horien etorkizuna bermatzea litzatekeela uste dute.
Azaroaren 20an elkartu ziren oraingo eta garai batean Pablo Sarasate kontserbatorioan izandako zuzendaritza taldeak, gai honekin kezkaturik. Musika tresnetan eskaera gutxien dutenen egoera aztertu zuten, eta garai batean hartutako "neurriak" eta "partxeak" aztertu zituzten: "Ez da berria eskaera gutxi izatea, duela 30 urte ere egoera antzekoa bizi izan genuen. Soluzioa, Hezkuntza Departamentuak erabakiarekin atzera egin zuenean iritsi zen. Oinarrizko maila erretiratu zuen, baina atzera egin gero", adierazi dute zuzendaritza taldeetatik. "Ohartarazpen moduan hartu beharko lukete gertaera hura, eta berriz ez dadila errepikatu ziurtatzeko baliatu", uste dute. Izan ere, gogoan dute nola Hezkuntza Departamentuak duela 30 urte atzera egitea erabaki zuen eta onuragarria izan zen horren ohikoak ez diren musika tresnentzat: "Haien etorkizuna ziurtatzea ekarri zuen. Ikasleak errekuperatzea ekarri zuen, espezialitate berriak txertatzea eta oro har Nafarroako irakaskuntza musikalak indartzea", azpimarratu dute.