GANBARA LEIHOA

Ruandako itzulera-zentroa, giza eskubideak urratzen dituen Europako azken asmakizuna

Euskalerria Irratia

Bigarren Solairuko Ganbara leihoa atalean Isa Egiguren kazetaria eta Lander Aurrekoetxea ekintzailea izan ditugu gonbidatu

Alemania, Austria, Danimarka, Grezia eta Herbehereetako gobernuek Ruandarekin adostu dute Europar Batasunean baztertutako asilo-eskatzaileentzako «itzulera-zentro» deituriko bat sortzea. Hala iragarri du Christian Stocker Austriako kantziler kontserbadoreak duela astebete.

Akordioa sinatu duten herrialdeen esanetan, trafikatzaileei beren ankerkeriazko negozio-eredua zapuztea da helburua, baita Mediterraneoan eta beste ibilbide arriskutsu batzuetan heriotzak saihestea ere.

Lander Aurrekoetxearen ustez, erabakia «guztiz eskandalagarria da, baina tamalez ez da ezer berria. Israelek bere momentuan Eritrea eta Sudango lagunak eraman zituen Ruandara. Britainia Handiak eta Estatu Batuek ere saiakerak egin zituzten». Isa Egigurenek, bere aldetik, honako hau dio: «Itzulera-zentroa baino, deportazio-zentro bat da. Ez da mafien kontrako estrategia bat. Mediterraneoan aski ongi dakigu: Turkiak, Tunisiak, Marokok eta Libiak Europatik milioiak eta milioiak jasotzen dituzte urtero, etorkinak gure lurretara salto ez egiteko. Lesbosen inguruan ere Greziak kostazainak ordaintzen ditu bere uretan sartzen diren etorkinak Turkiara eramateko».

Diskurtso arrazista eta populista izan du Austriako kantzilerrak: «Jatorrizko herrialdera itzultzea posible ez bada, bizileku-eskubiderik ez duten pertsonak etorkizunean hirugarren herrialde batera itzuliko dira. Izan ere, gure etxearen jabe izan behar dugu». Aurrekoetxeak eta Egigurenek kezkaz bizi dute egungo egoera, eta pentsatzen dute etorkinen inguruko jarrerek baldintzatuko dituztela hurrengo hilabete eta urteetako hauteskunde-zikloak: «Diskurtso populista horiek gero eta hedapen handiagoa dute, eta ez bakarrik eskuindarren aldetik; ezkerreko jende bat ere ari da horrelako astakeriak esaten».

Horrelako proposamen eta jarreren aurrean, Isa Egigurenek Europako araudia berrikustea eskatu du, urratzen ari diren giza eskubide horietako asko legearen kontra egiten direlako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!