Finalaurrekoen bigarren itzuliari hasiera eman zion joan zen larunbatean Donostian jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saioak. Ilunbe lepo bete zuen publikoak eztanda egitea lortu zuen taula gaineko seikoteak hainbatetan. Mikel Lasarte kolaboratzailearekin errepasoa egin diogu saioko une aipagarrienei, eta gure begirada nafar ordezkaritzan ezarri dugu bereziki. Gazitik zein gozotik izan zuen saioak, alde horretatik. Joanes Illarregik bigarren egin eta finalera sartzeko aukerak biderkatzea lortu zuen bitartean, Julio Sotok beherantz jo zuen puntuetan. Biek ala biek datozen bi saioak nola joanen diren itxaron beharko dute finaleko aulki bat lortu ote duten jakin ahal izateko. Saioa Alkaizak, bere aldetik, ez zuen saio hoberena izan larunbatekoa, nahiz eta goraipatzekoa izan den txapelketa honetan egin duen bidea, une eta bertso ale gogoangarriak utzi baititu bidean.
Asteburuan Gasteiz izanen du geltoki txapelketak, eta bertan arituko dira Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Abenduaren 5ean izanen da azken finalaurrekoa, Bilbon, eta egun horretan jakingo da, azkenik, zein izanen den abenduaren 20an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko zortzikotea. Puntu-dantzari so egon beharko, beraz, egun hori iritsi artean.