Esperantza zoro batez 2025eko Durangoko Sormen Beka irabazi zuen proiektutik sortutako komikia da, Usue Egia Fernandez de Retana marrazkilariak, Mikel Urdangarin Irastorza filosofian doktoreak eta Ainhoa Olaso Sopelana zinemagileak elkarrekin ondua. Bi filosoforen pentsamenduen laburpen hutsa izan beharrean, Joxe Azurmendik eta Angela Davisek elkar ezagutu ez bazuten ere beren ideietan bat egin zutela erakusteko intersekzionalitatearen metafora bat proposatzen dute. Horretarako, errealitatea eta fikzioa txirikordatzen dituen kontakizun umoretsu eta jostagarria sortu dute, bizipenez, gogoetaz eta ezustekoz betea.
Aurrez ordua hartuta Frantziako gazte literaturako idazle nabarmenetakoa den Marie-Aude Murailen eleberria da, eta Leire Errandonea Garcia-Larretxek euskaratu du 2025eko Minaberri Itzulpen Bekari esker (EIZIEk, Iruñeko Udalak eta Txalapartak antolatua). 13-14 urtetik gorako irakurleentzat gomendatuta eta Axuri Beltza bilduman argitaratuta, Orléansen kokatzen du istorioa: Sauveur Saint-Yves psikologoak nerabeen eguneroko arazoei (autolesioak, arrazakeria, familiako gatazkak, sexualitatea...) egiten die aurre kontsultan sentsibilitatez eta umorez, etxean bere 8 urteko seme Lazare zaintzen duen bitartean. Liburua Durangoko Azokako Musika Eskola gunean aurkeztuko da 2026ko abenduaren 4an, 17:00etan.
Disputar la hegemonía. Afectos, lenguajes e imaginarios en tiempos de auge del fascismo Txalaparta argitaletxeak 2026ko abenduaren 1ean plazaratuko duen saiakera kolektiboa da, besteak beste Jule Goikoetxea, David Fernández, Lucia Cadahia, Irantzu Varela eta Jonathan Martínez Montielen testu laburrak biltzen dituena. Azken urteetan eskuin erreakzionarioak lengoaiaren, iruditerien eta afektuen eremua nola bereganatu duen aztertzen du lanak, eta ezkerreko ikuspegitik sen ona eta hegemonia kulturala berriro nola lehiatu hausnartzen du. Horretarako, feminismoa, komunikazioa, baldintza materialak eta herri-antolakuntza bezalako gaiak jorratzen dituzte hainbat ahotsek, oraina ulertu eta etorkizun partekatuak eraikitzeko asmoz.