Osasun arloko intersindikalak akordioa erdietsi du Osasunbidearekin

Euskalerria Irratia

Osasun publikoan akordioa erdietsi dute LAB, SAE, Satse, Afapna eta UGTk Osasunbidearekin. Osasun profesionalak erdigunean jarrita erdietsitakoa izan dela nabarmendu dute langileen ordezkariek eta negoziazioaren paradigma aldatuta: euren proposamenen gainean lortu dituzte akordio horiek eta ez Osasun Departamentuak planteatutakoetatik abiatuta. Besteak beste, lan taldea 121 langile gehiagorekin handitzea ekarriko du edota 55 urtetik gorakoek gauetako txandetatik salbuetsita gelditzea. Bihar sinatuko dute akordioa eta espero dute gainerako sindikatuek ere bat egitea.

"Modu transbertsalean onurak ekarriko dizkie osasun sistema publikoan lan egiten duten kategoria guztietako langileei Osasunbideak eta intersindikalak erdietsitako hobekuntzen akordioak", nabarmendu dute gaur LAB, SAE, Satse, Afapna eta UGT sindikatuetako ordezkariek. Negoziazioaren paradigma aldatuta iritsi dira akordio batera osasun sistema publikoan ordezkaritzaren gehiengoa duten LAB, SAE, SATSE, Afapna eta UGT. Izan ere, orain arte negoziazioa Osassun Departamentuak planteatutako termino eta proposamenekin abiatzen bazen, horri buelta eman eta langileen ordezkariek jartzen dituzte mahai gainean kezka, behar eta aldaketa nagusietarako gaiak.

15 milioi euroko ituna da onetsitakoa eta lan taldea indartzea, lan-gainkarga arintzea eta osasun-zentro zein ospitaleetako arreta hobetzea dakar. Bost ardatz nagusi ditu:

  1. Lan taldea sendotzea. Horretarako 121 lanpostu sortuko dira erizaintzan, medikuntzan, gizarte lanean, psikologia klinikoan, langile teknikoetan, administrazioan eta zeladoreetan. Hori gauzatzeko 8,5 milioi euro izanen dira. Indartzea are gehiago handituko da beste bi milioi euro zehazteke baitaude nora bideratuko den.
  2. Lan osasuna zaindu eta kontziliazioa hobetu. 55 urtetik gorako langileak salbuetsita gera daitezke gaueko txandetan.
  3. Bidezko ordainsaria gehiegizko lanagatik. 48 ordu baino gehiagoko lanaldiei milioi bat euroren bidez gehiegizko lanaldia ordaintzeko. Bi milioi euroko poltsa ere izanen da larrialdietarako edo etxeko arretak betetzeko lanaldi luzapenen bidez.
  4. Formakuntza denoi eskainiko zaie baldintza berdinetan. Benetako sarbidea ziurtatuko da langile guztientzat.
  5. Azkenik, lanaldi partzialeko langileei lan kontratudun finkoei osoko kontratuak eskaintzen ahalko zaizkie formula desberdinen bidez.

Bihar izanen dute bilera akordioa sinatzeko. Oraindik zabalik da gainerako sindikatuek bat egin dezaten. Izan ere, ez du horrekin bat egin ELA sindikatuak eta negoziazio bileretan ez dute parte hartu Comisiones Obrerasek ez eta Mediku Sindikatuak ere. Sinatzaileek nabarmendu dute abiapuntu bat dela eta gauzak egiteko beste modu bat ezartzen duela. Akordioa betetzen dela ziurtatzeko gainera, bi hilabetean behin elkartuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!