«Guk gure erabakiak hemen hartuko ditugu, Iruñean; gure organoak Iruñean daude, eta ez digu inork kanpotik esango zer egin behar dugun»
Altsasuko alkate eta foru parlamentari zara eta, orain, gainera, Espainiako Diputatuen Kongresuko hirugarren hautagaia. Nola daramazu hori guzti hori?
Ahal dudan bezala. Batez ere parlamentari alkate karguak uztartzea ez da batere erraza. Niri legegintzaldi honetan ez zitzaidan tokatzen berez Nafarroako Parlamentuan egotea, baina Maria Solanak bere postua utzi egin behar izan zuen, ni nintzen hurrengoa, eta konpromisoagatik, noski, Parlamentuan sartu nintzen.
Eta orain kanpaina: bi aste dira, bi aste berezi, baina bakarrik bi aste dira,
Hiru plano instituzional horien artean —udala, Foru Parlamentua eta Espainiako Diputatuen Kongresua—, zein da gehien maite duzuna?
Nik esango nuke udala, bai. Hor egon naiz 24 urte nituenetik gaur arte. Egunerokoan, etxera bueltatzen zarenean esaten duzu: «Gaur zerbait egin dut». Gauza onak etortzen direnean oso pozik bizi dituzu, baina txarrerako ere hor lehendabiziko lerroan zaude.
Biztanleriarekin duzun eguneroko tratua, erlazio zuzena... Niri gehiago gustatzen zait udala. Eta nik esango nuke Foru Parlamentuan edo bestelako instituzioetan dauden politikariak aurretik udal politikatik pasatzea oso komenigarria dela.
Atzo kanpaina honetako mitin nagusia egin zenuten Iruñeko Iruña Park hotelean. Zer moduz joan zen?
Ondo, ondo. Egia esan, Geroa Bairentzat hauteskunde orokorrak ez dira hauteskunde errazak, eta hori nabari da. Baina oso ondo joan zen, eta batez ere uste dut erabaki ona hartu genuela bere momentuan esanda: «Hauteskunde hauetan egon behar gara».
Egia da alderdi ezberdinei —PSNi, EH Bilduri, Contigo-Zurekinen munduko formazio politikoei— esan geniela koalizio bat egiteko, baina gero erabaki genuen nahiz eta proposamen hau aurrera ez joan, gu egon behar garela hor. Gure mezua hor egon behar delako, atzo ongi ikusi zen hori.
«PSNk eta Frente Ampliok argi eta garbi esan ziguten Madrilek esaten duena egingo zutela, eta beto horien ondorioz ez da Senaturako koaliziorik izan»
Atzoko mitineko mezu nagusia Kongresurako zerrendaburu Pablo Azkonak zabaldurikoa: «Gu ez gara estatu mailako inolako estrategiaren sukurtsala; gu ez gaude hemen besteen lehentasunak Nafarroara ekartzeko, guk gure agenda politiko propioa dugu». Zer ulertu behar dugu, zuek ez zaretela sukurtsalistak eta besteak bai?
Hori ikusi da lehen esan dudan bezala PSNri, EH Bilduri eta Podemos-Frente Amplioko alderdi horiei proposamena egin genienean batera joateko. Batez ere ikusi da alderdi sozialistan. Alderdi sozialistak ezetz esan zuen, baina zergatik esan zuen ezetz? EH Bildurekin ezin zutelako joan hauteskundeetara. Eta nork erabaki zuen hori? Iruñeko Sarasate pasealekuan erabaki zuten? Ez, Madrilen erabaki zuten. Eta hori ikusiko dugu alderdi sozialistarekin beti, ikusi dugu beti, gaur egun eta iraganean baita ere.
Eta gauza bera ikusi dugu Frente Ampliorekin —Contigo-Zurekinen—. Frente Ampliok esan zigun argi eta garbi: «Guk Madrilek esaten duena egingo dugu ». Haiei handik esan behar diete zer egin, eta egin dutena izan da Senatuan PSNrekin joatea Espainia osoan bezala. Horregatik esaten dugu: guk gure erabakiak hemen hartuko ditugu, Iruñean. Gure organoak Iruñean daude. Ez digu inork kanpotik esango zer egin behar dugun.
Duela urtebete, bere kongresuaren ingurumarian, Geroa Baik orain bezala, EH Bilduk koalizioa proposatu zuen. Besteok nahi ez bazuten, zergatik ez duzue koaliziorik EH Bilduren eta Geroa Bairen artean?
Elkarrizketetan ikusi zelako azkenean gure proposamena zela: edo guztiok batera joaten gara, edo honek ez du zentzurik. Zentzua ikusten genuen gaur egun Nafarroako Gobernua ahalbidetzen duten alderdi ezberdinak batera joatea. Hori izan zen proposamena: PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin (edo momentu honetan Podemos eta Frente Amplio) batera joatea. Gaur egun Nafarroako Gobernua ahalbidetzen duten alderdiak 2019tik; aurretik PSN ez zegoen ekuazio horretan.
Baina ez zen posible izan. PSNk ezetz esan zuen lehendabiziko egunean, gero etorri zen Frente Amplioren erantzuna, eta azkenean geratu ginen Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos. Eta hor ikusi genuen horrek ez duela zentzurik. Gero guk mantendu genuen proposamen hori Senatura joateko, eta hori ere ez zen posible izan. PSNk argi eta garbi esan zuen: «Guk EH Bildurekin ezin gara joanen batera hauteskunde batzuetan».
Inkesta gehienek EH Bilduri diputatu bat ematen diote, eta zuei bat ere ez. Haatik, bion artean eduki zenezaketen aukera bigarren bat lortzeko eskuinari kenduta.
Diputatu bat ateratzeko gutxi gorabehera 40.000 boto pasa atera behar dira. Geroa Baik 2023an 10.000 lortu zituen uztaileko hauteskundeetan. Biok batera bigarren diputatu hori lortzea ez dakit oso segurua izango zen.
Niri askotan galdetzen didate: «Nik beti Geroa Bai bozkatzen dut Foru Parlamenturako, baina orain nor bozka dezaket? Izan ere, zuek ez zarete aterako». Eta nik esaten diet: «Begira, Kongresurako atera behar dituzu 40.000 bozka baina pasata, pasata. EH Bilduk diputatu bat aterako du, eta PSNk bi, baina hortik gora 10.000 boto, 20.000 boto, 30.000 boto gehiago lortzen badituzte ere ez dute beste diputatu bat izatera iritsiko. Orduan, zuk gu bozkatu nahi baldin bagaituzu, bozkatu lasai.
Beraz, EH Bildu eta Geroa Bai batera joanda nik uste dut ez genukeela bigarren diputatu hori lortuko. Guztiok batera, bai; hori seguru, eta bozkatuenak izango ginateke seguraski.
«Geroa Bai da indar politiko egokiena Nafarroaren ahotsa Madrilen kanpoko erabaki eta betorik gabe entzunarazteko».
PSNk eta Frente Ampliok koalizio zabalari beto jarri izanak, eta PSNk eta Frente Ampliok Senaturako osaturiko koalizio horrek, ondoriorik izan al dezakete Foru Gobernuko bazkideen arteko harremanetan?
Ez dut uste. Hauteskundeetarako hautagaitzak aurkeztu zirenetik Nafarroako aurrekontuak bideratuta daude; orain emendakin partzialen prozesua hasiko dugu. Eta gero fiskalitatearen inguruan neurriak adostuko ditugu denon artean, EH Bildu barne. Ez dut uste honek inongo eraginik izango duenik.
Baina PSOErekin eskarmentua daukagu betoa bezalako gauza hauetan. Beti egin dituzte, Espainia mailako alderdi bat da. Egun, PSNk PSOErekin batera politika bat dauka, ildo bat dauka, baina ikusiko dugu etorkizunera non dauden, eta ez garen bueltatzen iraganeko ekosistema horretara.
Ostiralean, mikrofono hauen aitzinean, Floren Aoizek esan zuen PSN bazkide fidagarria dela. Bistan denez, ez zatoz bat.
Ez. Floren Aoizen eta EH Bilduren eboluzioa ere azpimarratzekoa da, egia esanda. Fidatzekoa da? Niretzako PSNk —eta azkenean PSN esaten baldin badugu, PSOE esaten dugu— momentu bakoitzean gehien komeni zaion ildoa edo estrategia erabiltzen du. Kito. Gaur egun estrategia bat daukate, guztiok ezagutzen duguna. Baina hurrengo igandeko hauteskunde orokorren emaitzak ikusita, ea PSOEn zer gertatzen den, eta horren arabera ikusiko dugu etorkizuneko estrategia. Ni ez naiz batere fidatzen. PSOErekin beti gauzak argi eta garbi adostu behar dira, paper batean sinatuta, unean-uneko estrategia baitaukate. Gaur egun badaukate eta etorkizunean ikusiko dugu zer komeni zaien gehien.
Ohitura zaharrei jarraituz eta indar aurrerakoiak ez bezala, eskuina eta eskuin muturra askoz pragmatikoagoak izan dira: UPNk eta PPk koalizioa Kongresurako, eta UPNk, PPk eta Voxek akordioa Senaturako. Zer ondorio ekar dezake honek Nafarroaren autogobernuari dagokionez, eta bidenabar, maiatzeko foru hauteskundeetara begira?
Hasteko, bigarren galderatik hasita, nik uste dut Foru Parlamenturako hauteskundeetan bakoitza bere aldetik joango dela.
Gero, hauteskunde orokor hauei begiratuta, UPNren papera ere azpimarratu behar dugu. PPrekin batera joan da. Eta PP da trafikoaren eskumena lortu eta gero esan zuena —Sergio Sayasek, zehazki— beraiek hori atzera bota nahi zutela. Eta UPN trafikoaren inguruko eskumen horren aldekoa da. Bada haien eskutik doa hauteskundeetara. Gero, ezin dugu ahaztu PPk gobernatzen baldin badu —eta nik uste dut gobernatuko duela— Voxekin batera egingo duela. Eta UPN hor ere egongo da. A ze ataka estua, a zer rol korapilatsua. Ez dut uste barrutik oso pozik egongo direnik, baina egia da praktikoak izanda hau egin behar zutela.
Ni seguru nago PPk eta Voxek gehiengo osoa lortuko dutela. Ez dakit nork irabaziko dituen hauteskundeak, PSOEk ala PPk, baina zenbakiak izango dituzte gobernatzeko.
Minutu bat daukazu Geroa Bairentzako botoa eskatzeko.
Lehen esan dut: egia da hauteskunde hauek, oso polarizatuta dagoen gizarte batean, ez direla errazak Geroa Bai bezalako indar politiko batentzako. Baina Nafarroako autogobernua zein egun Nafarroan egiten diren politikak defendatzeko, Madrilen Nafarroaren ahotsa entzuteko beste erabakiguneen menpe egon gabe, Nafarroaren bizikidetza dibertsitatean, aniztasunean oinarritzeko, Geroa Bai da indar politikorik egokiena. Eman botoa Geroa Bairi.