Bideojoko zaleak, sektoreko profesionalak eta gaiarekiko interesa duen edonor dago gonbidatuta jardunaldietara. Egitaraua bi atal nagusitan banatuta dago. Batetik, hainbat postu jarriko dira, sortzaileek beren proiektuak aurkez ditzaten eta bertaratutakoek jokoak bertatik bertara probatzeko aukera izan dezaten. Bestetik, industriaren inguruko hainbat hitzaldi eskainiko dira, goizez zein arratsaldez.: "Ez dira masterclass hutsak izango, hitzaldi praktikoak eta interaktiboak izango dira", esan du Uxue Dafaucek.
Postu horietako batean aurkeztuko du bere bideojoko berria Iñigo Aizpurua irundarrak, Zomorro Studio-ko kideak. Plastilinazko pertsonaiekin sortu du Gargartuan Chef bideojokoa. Azpilikuetari bideojokoen etorkizunaz galdetu diogu eta aitortu digu erabiltzaileentzat datozen urteak oparoak eta interesgarriak izango direla ; garatzaileentzat, ordea, garai zailagoak aurreikusten ditu.
Nafarroako bideojokoen industria ere ezagutu dugu jardunaldien aitzakian. «Hazten ari den sektorea da. Oraindik ez dago enpresa handirik, baina enpresa txikiak eta sortzaile independenteak badaude», azaldu du Dafaucek. Industria osasuntsu bat izateko, profesional onak egotea oinarrizkoa da, eta gaur egun Nafarroan zenbait aukera daude bideo-joko programazio eta diseinuan aritzeko. Besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bideojokoen garapenerako gradua jarri du martxan, sektoreko profesional berriak prestatzeko.