A29 Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak

Floren Aoiz: "Nafarroako erakundeetan esperimentu demokratiko eta antifaxista bat egiten ari gara"

Juan Kruz Lakasta Zubero

PSN "badkide fidagarria" dela esan du EH Bilduren Senaturako Nafarroako zerrendaburuak, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.
Hogeita hamar urteren ondotik instituzioetako lehen lerrora itzultzeko arrazoiez, eskuin muturraren oldarraldiari aurre egiteko estrategiaz, etxebizitza politikez eta Nafarroako aliantzen osasunaz mintzatu da tafallarra.

Hogeita hamar urteren ondotik instituzioetara itzultzea

Hiru hamarkada egin dituzu politika instituzionaleko lehen lerrotik at. Zergatik itzulera?

Hori nire buruari oraindik egiten diodan galdera bat da. Momentu batean interpelatuta sentitu nuen nire burua; EH Bildutik zuzenean etorri ziren hau eskatzera. Batetik, lotuta dago Espainiar Estatu mailan egiten dudan harreman politiko esparruko lan horrekin. Egia da halako tokiak, Madrilgo Senatua kasu, egokiak direla harremanak egiteko, eta horrek ematen dizu nolabaiteko ikusgarritasun eta autoritate bat.

Bigarren arrazoia Nafarroari lotutako konbikzio bat da. Etorriko den Espainiar Gobernuaren bilakaeran eta Kongresu eta Senatuan emango diren eztabaidetan, burujabetza eta Espainiar Estatuaren nazio-aniztasunaren gaia aterako da bai ala bai, eta testuinguru horretan Nafarroaren etorkizuna ere bai. Uste dut egon beharra dagoela halako tokietan eztabaida horiek emateko.

“Gure errefusa erabatekoa da indarkeriaren erabilpen politikoaren inguruan, bai iraganean, bai egun, bai etorkizunean ere”

EH Bilduren Senaturako zerrendaburua izanen zinela jakin bezain pronto, sareetan bereziki, kritika gogorrak egin zizkizuten berunezko urte haietan egindako adierazpen kontura, eta zure figura ETArekin lotuz. Hori gertatuko zela jakinda, zergatik erabaki zenuten aurrera egitea?

Gaur egun oso erraza da norbaiten deklarazioak ateratzea edo berreskuratzea. Bagenekien interes berezia egongo zela kanpainaren agenda eta eztabaida politikoa ETAren inguruan kokatzeko. Baina iruditzen zitzaigun ez zela egokia beren agenda ontzat ematea, eta are gutxiago pentsatzea iraganean badaudela pertsona batzuk guztiz debekatuta daudenak politikan aritzeko.

Hori ere aldarrikatu nahi genuen normaltasun osoarekin, jakinik jende guztiak ezagutzen duela zein den EH Bilduren posizioa ETAren indarkeriari buruz eta egungo egoerari buruz. Gure errefusa erabatekoa da indarkeriaren erabilpen politikoaren inguruan, bai iraganean, bai egun, bai etorkizunean ere. Batzuei interesatzen zaie irudikatzea ETA existitzen dela eta eztabaida politikoaren erdigunean dagoela, baina guk jendartean ez dugu halakorik ikusten.

Aliantzak eta eskuin muturraren aurkako estrategia

EH Bilduk duela urtebete jarri zuen mahai gainean hauteskunde hauetara koalizio zabalekin aurkezteko aukera. Geroa Baik gauza bera egin du berrikiago, baina azkenean ez da koaliziorik izan. Zergatik?

Guk garrantzi handia eman genion horri, eta kongresuaren ebazpena bilakatu genuen. Ez da posible izan, eta ez da izan gugatik. Guretako oso inportantea delako jakitea hauteskunde hauetan norekin lehiatzen garen, eta uste dut eskuinari elkarrekin aurre egin nahi diogunen artean bakea nagusitu behar dela. Hor egon daitezke kritikak, baina denbora ematen ahal genuen horrelako kritiketan, eta guretako behintzat argi dago nor kritikatu behar dugun eta nor ez.

Baina gutxienez EH Bilduren eta Geroa Bairen arteko koalizioa osatzea ez al zen eskuinari Nafarroan diputatu bat kentzeko aukerarik behinena?

Mahai gainean egon zena elkartze zabalago baten aukera zen, eta hori zapuztu zen heinean, uste dut indarra galtzen zutela beste aukerek.

Nafarroako aliantzekin segituz, atzo PSNko foru parlamentari Ibai Crespok PSN bazkide fidagarria dela esan zuen mikrofonoen aitzinean. PSN sozio fidagarria al da?

Oro har, bai. Hemen Nafarroan esperimentu demokratiko eta antifaxista bat egin dugu, eta funtzionatzen ari da. Funtzionatze horretan daude tirabirak, jakina, eta batzuetan haserretzen gara. Baina, oro har, funtzionatzen ari da eta hitza betetzen ari gara.

«Guk argi utzi dugu gure jarrera, kasu guztietan ateak itxiko dizkiogu gobernura iristeko ateak eskuinari, marra gorririk gabe».

Zenbait inkestak diote maiatzean sorpassoa gerta daitekeela, EH Bilduk PSNri gaina hartzea. Orduan ere bazkide fidagarria izanen da?

Orduan ikusi beharko. Guk inkestekin gauza bat esan izan dugu beti: gure kontra zirenean, ez zegoela gehiegi fidatzerik, eta gure aldekoak direnean gauza bera. Egia da espektatibak onak direla, baina gu ez gaude zentratuta bloke aurrerakoien arteko konpetizioetan, baizik eta gehiengoen osaketan. Iruditzen zaigu hor dagoela gakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan, inkesten arabera, EAJ gailenduko duzue. Ze garrantzi ematen diozue horri?

Gu prest geunden hauteskundeetara elkarrekin joateko. Beraz, gure logika ez zen lehiaketarena, baizik eta elkarlanarena. Eta orain lehiatzen ari bagara ere, uste dugu etorkizunean Madrilgo instituzioetan elkarlanean aritu beharko garela. Hala ere, ematen du jendarteak ez duela ongi ikusten EAJren apustua eta desautorizatu nahi duela. Gure aldetik eskua luzatuta dago elkarrekin gauzak egiteko.

Behin eta berriz esaten ari zarete zuen esku baldin badago zuek beti eragotziko duzuela PPren eta Voxen arteko gobernua. Horrek esan nahi du PSOEri marra gorririk ez diozuela jarriko?

Ez, ez dago marra gorririk. Halako momentuetan arduragabekeria izan daiteke despistatzea eta ez jakitea zer dagoen jokoan. Gure lehentasuna hori galarazten saiatzea da. Hori gertatzen bada ere, mundua ez da bukatuko; azken finean, Espainiar Estatuan badago oinarrizko arazo bat: nazio-aniztasuna eta estatuaren arkitekturaren arteko kontraesan hori. Berdin da ze gobernu datorren, horri aurre egin beharko dio.

Aurrekoan, irakurri nizun eskuin muturra bazterrotan Steve Bannonen  estrategia darabilela sare sozialetan: dena kakaz bete. Horren aitzinean zer?

Ez da erraza, baina nik uste dut ezkerrak eta ezkerreko soberanistok landu behar ditugula biak: emozioak eta arrazoiak. Pilulak egin behar dira, mezuak argi. Guk argi kokatu dugula jende guztiak badaki: kasu guztietan ateak itxiko dizkiogula eskuinari. Beraiek kaka, gu ez.

«Kontua ez da dena ala ezer ez, kontua inportanteena da hartzen den norabidea, eta hemen apustu bat egin behar da espekulatzaileen alde edo etxebizitza eskubidearen alde»

Etxebizitza krisia

Azaroaren 11n greba eta mobilizazio handiak izan ziren. Zortzi urte daramatzazue Espainiako gobernua sostengatzen, eta hamabi Nafarroakoarekin gauza bera egiten duzu. Ze irakurketa egiten duzue haien etxebizitza politikez?

Argi esan duguna da egin diren politikak bide onetik etorri direla, baina ez direla aski izan. Hemen kontua ez da dena ala ezer ez, kontua inportanteena da hartzen den norabidea, eta hemen apustu bat egin behar da espekulatzaileen alde edo etxebizitza eskubidearen alde. Etorkizunean beharko da presio gehiago bai kaletik, baita instituzioetatik ere haratago joateko. Arazoa oso konplexua da, baina partxeekin ez da konponduko. Hobe da indar batzuek indar gehiago izatea gehiago presionatzeko eta haratago joateko.

Minutu bat daukazu botoa eskatzeko.

Bloke atzerakoi eta autoritario horri aurre egin behar diogu, eta horretarako gure planteamendua Antifaxismo Plus da. Batetik, ate guztiak kasu guztietan ixtea eskuinei; eta bigarrenik, benetan gehiengoak osatzea, bestela gobernatzea eta komunitatea egitea. Faxismoari komunitatea, harremanak eta elkartasuna lantzen egiten zaiolako aurre.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!