Aralar Elkartea: 30 urte ludopatia prebenitzen eta artatzen

Euskalerria Irratia

Aralar Elkartearen 30 urteko ibilbidea "ospatzeko" ekitaldia egin dute gaur: "Jokoarekin arazoak zituzten pertsonen familiek hasi zuten bidea. Urteekin profesionalizatu egin da elkarteak eskaintzen duen lana eta iaztik osasun zentro bilakatu da", azaldu du orain arteko elkarteko presidente Carlota Molinerok. Gaurko ekitaldian aurkeztu dute hemendik aurrera postu hori hartuko duen pertsona: Ruben Oneca. 

Espaziorik gabe, ekiporik gabe eta profesionalik gabe jaio zen Aralar Elkartea duela 30 urte. Jokoarekin arazoak zituzten pertsona eta senideen topaketa gune izan zen. Hori irauli eta guztiz bestelako zerbitzua eskaintzen du orain: akonpainamendu terapeutikoa eta prebentzioan egiten ari dira lan, talde osatu batekin. Carlota Molinero da Aralar Elkarteko presidentea, baina gaur, 30 urteko ibilbidearen ospakizun ekitaldian lekukoa pasa dio Ruben Onecari. Molinerok nabarmendu du jokoaren errealitatea ere asko aldatu dela 30 urteotan eta erronka berriak iritsi direla: "Une hauetan jende gazte asko etortzen ari da. Online jokoek eta mugikorretik egiten denak asko kezkatzen gaitu. Dena dela, betiko jokoetan erortzen direnak ere segitzen dute gurera etortzen. Sarbidea oraindik errazegia da zenbait jokotan". 

Gizarteak ludopatia ez dezala normalizatu, horixe da erronka orain eta etorkizunean Molinero eta Onecaren esanetan. Horretarako, ikastetxeetatik egiten dute prebentzio lana, egun, oso erraza baita jokoan sarbidea izatea. "Araudi osatuagoa behar da oraindik. Egungoak hutsune asko uzten ditu. Txanpon makinak oso eskuragarri daude eta haietara iristea erraza da oraindik", azaldu du Molinerok. Joko motak ere askotarikoak dira eta urteotan aldatu egin da haiengana laguntza eske jo duten pertsonen profila: "18 eta 25 urte arteko gazte asko hasten dira jokoan, eta kontzientziarik gabe. Lanketa eskolatik egin behar da prebentzioan gehiago sakondu ahal izateko", uste du Molinerok. 

Aralar elkarteak aurten 150 lagun artatu ditu zuzenean, baina haien senide eta gertukoekin ere egiten dute lanketa, eta guztira 360 lagunengana iritsiko da haien zerbitzua 2026 honetan. Iaztik osasun zentroa dira eta psikologo klinikoak aritzen dira jokoarekin arazoak dituztenak artatzen. Akonpainamendu terapeutikoa egiten dute eta baita taldekakoa ere. Ospatu egin nahi dituzte elkartearen 30 urteak. Gaurko ekitaldia baliatu dute horretarako. Boluntario izan direnak eta Aralarren parte izandakoak ere gogoratu eta omendu nahi izan dituzte, baita noski, erabiltzaile eta jokoarekin arazoak izan dituzten horiek ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!