Eszenatokiaren eta publikoaren arteko ohiko mugak hausten dituen proposamena izango da Hiruhiruhirurogei°. Hiru konpainiek dekoratua, atmosfera eta 360 graduko espazio eszeniko bera partekatuko dute, diziplinen arteko hierarkiarik gabe. Publikoa ez da besaulki-patioan eseriko; eszenografiaren barruan murgilduko da, saio bakoitzeko gehienez 90 ikusleko edukiera intimoarekin.
Ikuskizunak Burlatako Kultur Etxean izango dira. Zikloa, abenduaren 3an abiatuko da, 19:00etan, Kerobiaren Poliorkêtes proposamenarekin. Taldeak "etxe setiatu" baten unibertsoa dakar, non hiru musikariek euren abestiak jotzen dituzten bitartean etxe barruko istorio bat kontatzen den, musika eta antzerki-kontakizuna une berean uztartuz. Xabi Bandini abeslariak adierazi duenez, “360 graduko etxe horretan hiru taldekideak egongo gara eta entseatzen dugun lekua da izango da”.
Bigarren hitzordua abenduaren 6an izango da, 18:00etan, Yarleku Teatrok eskainiko duen Denboraren Lapurrak lanarekin. Michael Enderen Momo obraren moldaketa honetan, lorategi botaniko abandonatu batean bizi den eta astirik ez duen mundu batean entzuteko dohaina duen neskatoaren istorioa kontatzen da.
Zikloa abenduaren 8an itxiko du Hodei Magoak, 18:00etan eta 19:00etan eskainiko dituen 3 Elementu ikuskizunaren bi saioekin. 2025eko Magia Sari Nazionala jaso zuen lan murgiltzaile honetan, sormena, kuriositatea eta pasioa berreskuratzeko gonbita egiten du Hodei Domingok, ikuspuntua aldatzean dena desberdin hautematen dela erakutsiz.
Proiektu osoak euskara hutsezko kultur eskaintza berritzaile baten aldeko apustua egiten du, eta erabateko irisgarritasuna bermatzen du sorkuntzaren oinarritik. Hiru ikuskizunak gurpil-aulkiaren erabiltzaileentzat egokituta daude, eta audiodeskribapena, azpitituluak zein Touch Tour zerbitzuak eskaintzen dituzte. Ziklorako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Burlatako Udalaren webgunean (www.burlata.eus).