Marino Goñi Oloriz, Euskal Herriko musikaren historian ezinbestekoa izan den ekoizle, musikari eta editoreak, bere bizitza eta ibilbide profesionala bildu ditu Rockers, Radicales y Vascos liburuan. Katakrak argitaletxearen eskutik kaleratutako memoria-liburu honetan, bizitza oso baten kontakizuna eskaintzen du Goñik. Honekin batera, azkeneko mende erdian Euskal Herriko rockean ezinbestekoak diren taldeen historia ere laburbiltzen da ia 400 orrialdeko lan mardulean.
Goñi funtsezko pieza izan zen Euskal Rock Erradikala kontzeptua bultzatzeko, eta Soñua, Oihuka zein GOR diskoetxeen sortzaile gisa, belaunaldi oso bat markatu zuten taldeen lehen diskoak argitaratu zituen. Besteak beste, Barricada, La Polla Records, Hertzainak, Kortatu, Cicatriz, Berri Txarrak, Tahúres Zurdos, Negu Gorriak, Tijuana in Blue eta Lendakaris Muertos taldeekin lan egin zuen.
Liburua osatzeko prozesua duela hiru urte abiatu zuen Katakrakekin batera, urteetan zehar bildutako ohar ugariak antolatzeko asmoz. Egileak azaldu duenez, material asko utzi behar izan du kanpoan, bi liburuki egiteko adina informazio baitzuen.
Zehaztasun historiko horri eusteko, 1986tik 2011n erretiroa hartu zuen arte gordetako agenda guztiak eta kronologia pertsonal zehatzak erabili ditu. Gainera, zurrumurruak alde batera utzita, berak zuzenean bizitako gertaerak soilik kontatu dituela azpimarratu du, bere ibilbidearen inguruan sortutako gaizki-ulertuak argitzeko eta ulertua sentitzeko helburuarekin.
Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saioan bere memoria-liburuaren inguruko xehetasunak eman dizkigu.