Patronalarekin negoziazioak abiatuta, bertan behera geratu da ikuskizunetako teknikarien greba

Euskalerria Irratia

Azaroaren 26 eta 27rako deituta zegoen protesta bertan behera utzi du sektoreko gehiengoa duen LAB sindikatuak, patronalarekin lehen negoziazio mahaia abiatuta. “11 hilabetez egon gara bilera hau eskatzen” azaldu du sindikatuak, “Eta behin greba deituta eman du patronalak pausoa, grebak beraz izan du eragina”.

Nafarroako ikuskizunetako langileen hitzarmenaren negoziazio mahaia bildu da aste honetan bertan, bilera zein aurrerapausorik gabe hamaika hilabeteen ondoren. LABek positiboki baloratzen du sektoreko lau enpresa handienak bertaratu izana, greba deialdien ondorio zuzena dela argudiatuz: “Greba aurreabisurik gabe, ez ginateke egoera honetan egongo.”

Bileran zehar, patronalak LABen azkeneko proposamena aztertzeko eta erantzuna emateko konpromisoa hartu zuen. Era berean, hitzarmena sinatzeko prestutasuna adierazi ostean, argi utzi zuen “hemen ez dagoela inor denbora galtzeko prest”. Bide horretan, aste honetan kontra proposamen bat bidaliko dutela baieztatu dute, LABek azaroaren 23ko negoziazio mahaian erantzun bat eman dezan. Gainera, hurrengo 5 bilera datak zehaztu ziren.

Konpromiso hauek ikusita eta negoziaketarekiko erantzukizun ekintza gisa, LABek azaroaren 26 eta 27rako aurreikusita zituen grebak bertan behera uztea erabaki du. Sindikatuak helburuak bete direla ulertzen du: “hamaika hilabete geroago, patronala eserarazi dugu eta gure proposamenaren baitako edukiak aurkeztuko dituela aipatu du”.

Hala ere, LABek argi adierazi du grebak bertan behera utzi izanak ez duela esan nahi hau amaitu denik: “lan baldintzak arautuko dituen hitzarmena behar dugu egoera honi irtenbidea emateko”. Sindikatuak azpimarratu du patronalaren prestutasuna aurrera pausu zehatzetan eta lan baldintza duinetan islatu beharko dela.

Greba deialdia Nafarroan eta EAE mailakoa izan zen Hego Euskal Herriko sektoreko aldarrikapenak indartzeko asmoz. LABek dio EAEn ere greba deialdien ondorioz, mugimenduak egon direla eta Nafarroatik babesa adierazi diete lankideei.

Azkenik, LABek langile, autonomo eta greba babestu duten eragile zein pertsona orori adierazi die: “argi geratu da sektorea batera jarduten dugunean eta aldarrikapenak kalera ateratzen ditugunean, aurrera urratsak lortzen direla. Hau ez da hemen amaitzen. Patronalak gu desmobilizatzeko asmoa badu, aurrean izango gaituzte, berriz ere mobilizazio zein beharrezkoak diren deialdiekin. Ez gara eduki minimoekin konformatuko, hemen borroka egiteko prest dagoen sektorea dago.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!