EHGAM Nafarroak antolatzen dituen Xoka. Jite disidenteak jardunaldiak Iruñera dira azaroan. Kepa Yecora, Ana Jaka eta Oskar Sada antolatzaileek argitu moduan, jardunaldiaren laugarren edizio honen helburua, aurrekoen bide beretik, genero disidentzia hizkuntzara eramatea izanen da: "Ez toka, ez noka, guk xoka. Hitanoa noka eta toka artean banatzen da eta oso ikuspegi bitarra iruditu zaigu beti. Hala, xoka asmatu genuen, beste hizkuntzetan egiten ari diren ariketa hori euskaraz ere egiteko”. LGTBIQ+ komunitatearekin zerikusi zuzena izan arren, “jendarte osoari zuzenduta daude ekitaldiak. Era berean, euskara ikasten ari direnentzat ere oso interesgarriak izaten ahal dira”.
Lehenengo bi jarduerak egin eta gero, zikloari amaiera emateko, azaroaren 19an lehenengo Bitxodromoa egingo dute Geltokin. Mintzodromo kuir honetan, talde txikietan txandakatuz, komunitateari interesatzen eta eragiten zaizkion gaiak partekatuko dituzte partaideek, Plazeratu kolektiboak girotutako espazio batean.