ELHUYAR

Euskaraz trebatzeko hitz-jolasak

Euskalerria Irratia

Elhuyarrek euskaraz modu atsegin eta dibertigarrian aritzeko sei hitz-jolas txertatu ditu hiztegiaren webgunean eta mugikorreko aplikazioan
 

Euskara ikasten ari direnek eta hitzekin jolastea gustuko dutenek euskaraz modu atsegin eta dibertigarrian aritzeko aukera berriak dituzte. Elhuyarrek sei hitz-jolas sortu ditu hiztegia aberasteko: Hitz-katea, Anagrama, Urkatua, Hitzak konektatu, Asmatu hitza eta Hitza ezabatu. Elhuyar Hiztegiaren atarian txertatu dituzte, eta mugikorrerako aplikazioan ere eskuragarri daude.
 
Elhuyar Hiztegiko arduradun Klara Ceberio Bergerrek azaldu duenez, “jolas bakoitzean modu librean edo lehiaketa-moduan aritzeko aukera izango da. Horietako batzuetan, gainera, bertsio erraza edo zaila aukeratu ahal izango da. Asmatu beharreko hitz guztiak Elhuyar Hiztegian daude. Gainera, nahi duten erabiltzaileek izena eman eta sailkapenean parte hartu ahal izango dute, beste jokalariekin lehiatzeko”.
 
Sei jokoetako edozein aukeratzeko modua izateaz gain, Gaurko Jolasa izeneko atala ere badago. Hemen ere beste jokalariekin lehiatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. “Egunero, sei jolasetako bat egongo da erabilgarri, eta parte-hartzaile guztiek baldintza beretan jolastu ahal izango dute, ahalik eta emaitzarik onena lortzeko”, argitu du Ceberiok.
 
Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saioan izan da Klara Ceberio Berger, Elhuyar Hiztegiko arduraduna, hitz-jolasak azaltzeko eta gurekin jolasean aritzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!