Zortzi milioi otordu baino gehiago banatu eta 2.000 boluntariotik gora mugiarazi ondoren, Zaporeak elkarteak amaiera emanen dio Lesbosko sukaldeari datorren abenduaren 22an. Oraitz Garcia koordinatzaileak eta Elisa Huarte Nafarroako boluntarioak Euskalerria Irratian azaldu dituzte agurraren arrazoiak, eta azpimarratu dute proiektuaren muina plater bat janari emateaz harago joan dela.
Erabakiaren atzean hainbat faktore pilatu direla azaldu du Oraitz Garcia koordinatzaileak: batetik, Europako migrazio politiken gogortzeak eta mugetako murrizketek errefuxiatu zelaiko kopuruak hagitz aldakor bihurtu dituzte, eguneroko logistika eta aurreikuspenak zailduz; bertzetik, Karatepe eremuan sartzeko debekuak eta oztopoak pairatu dituzte. Horri guztiari hamaika urteko ibilbidearen higadura gehitu zaio, sei hilabeterako sortutako egitasmoa denboran luzatu baita. «Nekeak eta higadurak gain egin digu; jubilatu talde batek karga handia eraman du egunerokotasunean, eta merezi dute euren atsedena hartzea», adierazi du Garciak.
Lesbosko kanpamenduetako errealitate gordina bertatik bertara ezagutu du Elisa Ugarte boluntario iruindarrak, eta nabarmendu du elikadura duina bermatzearekin batera harremanak eta babesa izan direla egitasmoaren ardatza. «Kanpamendu horiek oso gogorrak dira, hor ezin da bizi; elkartasun keinu horren atzean dagoena maitasuna da», azaldu du Ugartek. Hala ere, pena agertu du proiektua itxiko delako migrazioaren arazoa konpondu gabe dagoenean, eta gogorarazi du egoera larri horri aterabidea ematea gobernuen ardura dela.
2016an Donostiako Intxaurrondo auzoan sortutako ekimen txikia herri proiektu zabal bihurtu da urteotan, Euskal Herrian eta Nafarroan egindako elikagai bilketei, Moriako sutearen ondotik bidalitako arropa trailerrei eta Fagorrek emandako sukalde berriari esker. «Proiektua ez zen bakarrik jaten ematea, otordu horiek besarkada eta irribarre bihurtzea baizik; Euskal Herri honek egin du posible Zaporeakek kozinatzen jarraitzea egunero», laburbildu du Garciak, egindako lanaz harro eta herritarrei «zapore goxoa» utzi dietelakoan.