Desgaitasun arloko hitzarmenak "blokeatuta" segitzen du eta patronalak "ultimatuma" baino ez du planteatu

Euskalerria Irratia

Desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten dutenen protesta izan da gaur Nafarroako Lan Epaitegiaren aurrean. Desgaitasun arloko hitzarmena negoziatzen ari dira patronalarekin, baina ELA sindikatuak salatu du "presaz" egin diela eskaintza bat, abendua baino lehen sinatzeko baldintza jarri duela eta negoziazioa baino "ultimatuma" dela aurkeztutakoa.

"Desgaitasunari arreta eskaintzen dieten enpresek egindako proposamena baino are motzagoa da patronalak eskaini duena", salatu du ELA sindikatuak. Desgaitasunaren arloko hitzarmena negoziatzen ari dira, baina negoziatzetik urrun ultimatuma baino ez die jarri mahai gainean langileen ordezkariei: "Patronalaren eskaintza ez da nahikoa. 2026rako soldataren igoera %2koa eta 2027rako %4,5ekoa. Horrekin aurreko urteetan galdutako erosahalmena ez dugu berreskuratuko", kritikatu du sinidkatuak.

Negoziatzeko borondate falta sumatu du ELA sindikatuak patronalarengan: "35 bilera egin dituzte, baina nahikoa ez den proposamena baino ez dute mahai gainean jarri", adierazi du. ELAk berretsi du ez duela sektoreko langileen erosahalmena galtzea dakarren akordiorik sinatuko. Kezka agertu du, gainerako sindikatuek sinatu dezaketelako patronalak eskainitakoa. Desgaitasuna duten Pertsonentzako Arretarako seigarren Hitzarmena litzateke. Langile gehienak emakumeak dira eta Grupo 5, Avanvida, Adacen, Anfas eta Aspacen egiten dute lan: "Lan baldintza duinik gabe segitzera eta eros ahalmena galtzera doan hitzarmena izan daiteke", ohartarazi du. 

Soldata duinak jasoko dituen hitzarmena sinatu nahi du ELAk, orain arte galdutako erosahalmena ere berreskuratuko duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!