Agerikoa ez den indarkeria matxista antzemateko osasun profesionalak trebatzen ari dira

Euskalerria Irratia

Indarkeria matxista detektatzeko osasun profesionalak trebatzen ari da Osasun Departamentua. Formazioa jaso dute Osasunbideko langileen %21ek.  Izan ere, osasun arreta eskaintzen duten horien lana gako izan daiteke indakeria matxistaren lehen zantzuak antzemateko.

2023tik Osasun Departamentuak indartu egin du indarkeria matxista antzemateko profesionalei bideratzen zaien formazioa. Alor hori bereziki Lehen Mailako Arretan lantzen ari da, baina baita emakumeenganako arreta eskaintzen duten zentroetan edo osasun mentaleko egoitzetan. Kontsultetara gerturatzen diren emakumeen artean indarkeriaren lehen zantzuak detektatzea da helburua. Datu batzuk ere eman dituzte prozesu horrek duen garrantzia erakusteko: lau urtean indarkeria matxista gehiago antzeman da, %15,5 gehiago: 1.097 kasu izan ziren 2022an antzemandakoak eta 1.267 izan dira iaz.

Indarkeria hori antzemateko gune pribilegiatuak dira osasun zerbitzuetako guneak Eva Espatolero Osasunbideko arreta soziosanitarioko zuzendariak. Horregatik, Departamentuak erabaki zuen duela hiru urte osasun zentroetara, emakumeenganako arreta eskaintzen dutenetara eta buru osasuneko zentroetara bideratzea profesionalentzako formakuntza espezifikoa. Osasunbideko lan taldearen %21ak jaso du dagoeneko indarkeria matxista ahalik eta azkarren detektatzeko nolabaiteko formazioa.

Garrantzitsua da halako formazioa Osasun Departamentuaren ustez. Izan ere, nabarmendu dute indarkeria matxista ez dela agerikoa kasu gehienetan. Arreta jarri behar da emakume batek behin eta berriz jotzen badu osasun arreta jasotzera oso argi jakin gabe zer den pasatzen zaion, edo oinaze kroniko, insomnioa, buruko min etengabeak dituztenean edo ondoeza sentitzen dutenean eta ez dakitenean zergatik. Kontsultetara faltatzen hasten direnean edo gizonezko batekin doazenean eta emakumeak erantzun beharrean berak hitz hartzen duenean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!