Foru Parlamentuan Zurekin Nafarroa koalizioan elkarrekin zaudete, baina Espainiako Gorteetara bananduta zoazte: Podemos Ahal Dugu batetik, eta Fronto Zabala hori bestetik. Nola azalduko zenioke zuen eremu politikoko boto-emaile bati?
Podemos saiatu zen ahalik eta probintzia gehienetan aliantza egiten, eta probintzia batzuetan ia-ia sinatuta zegoen akordioa. Baina Madrildik deiak jaso ziren, eta desegin egin ziren. Podemosek ez duela paktua egin nahi esatea ez da egia.
Geroa Baik mahai gainean jarri zuen Foru Gobernua sostengatzen duzuen indarren arteko koalizio handiago bat. Zer iruditu zitzaizun proposamena, eta zergatik egin zuen porrot?
Proposamena ongi zegoen, eta alderdiak elkartu ginen. PSNk lehen unean alde egin zuen. Bigarren bilera bat egon zen, alderdi bakoitzak bere jendearekin hitz egin behar zuelako, eta gero mahaitik altxatu ziren Ezker Batua eta Batzarre.
Orduan mahaian gelditu ginen Podemos, EH Bildu eta Geroa Bai. Hori ikusita, Geroa Baik eta EH Bilduk esan zuten jada ez zeukala zentzurik.
Zer iruditzen zaizue Senaturako fronte zabal horrek eta PSNk lotu duten akordioa?
Lotsagarria. Nafarroan Fronte Zabala benetan Ezker Batua eta Batzarre dira, besterik ez. Nola defendatuko dituzte ezkerreko politikak PSOErekin baldin badoaz Senatura?
Jo dezagun atzera. 2023an denok batera Sumar markarekin aurkeztu zineten Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara, eta bosgarren diputatua 2.500 boto ingurura geratu zitzaizuen. Zer gertatuko da azaroaren?
Ez dakit zer gertatuko den, baina guk hautagai bat ateratzea nahi dugu. Pozik gaude; Nafarroa osoa bisitatzen ari gara —gaur Erriberara joango gara, Tuterara eta inguruetara—, eta jendeak gogoa du ezkerreko alderdi ez-independentista bati botoa emateko.
Batez ere, jendeari azaltzen ari gara boto baliogarria delako hori ez dela egia. Bipartidismoak sortu du hori PSOEk botoak irabazteko. Ezker alderdi bat beharko da benetan PSOE gauzak egitera mugiarazteko, eta guk uste dugu hori gu garela.
Madril aldean PPren eta Voxen arteko gobernu bat ikustea gerta liteke. Horren aitzinean, zer?
Beldurra. Baina ez dut uste aterako direnik; inkesta asko manipulatuta daude, nork egiten dituen arabera. Ez dakit Erdi Arora bueltatu ote garen. Eskubide guztiekin bukatu nahi dute. Ez dut ulertzen nola hainbeste gazte dauden horren atzetik, batez ere neskatoak.
Etxebizitzaren afera da kanpainako beste ardatz nagusia. Azaroaren 11n greba orokorra izan zen; zer balorazio egiten duzu mobilizazio horrena?
Izugarria. Gu Iruñean atera ginen eta jendez gainezka zegoen: gazte pilo bat, aitona-amonak, familiak... Oso-oso ongi baloratu dugu, eta asko pozten gaitu jendea berriro kalean ikusteak. Ikaragarria izan zen.
Nafarroako Gobernuan Etxebizitza departamentua Zurekin Nafarroaren esku dago. Zer balorazio egiten duzue departamentu hori egiten ari den lanaz?
Hasteko, departamentu horren burua jada ez da Podemosekoa, aspaldi utzi baitzuen alderdia. Egiten dutenari buruz, berriz: partxeak dira. Egia da partxeak beharrezkoak direla horrelako egoera larrietan, baina guk behin baino gehiagotan eskatu diogu Contigo-Zurekini gobernutik ateratzeko, batez ere, legegintzaldi honetan Nafarroan 400 etxegabetze egin direlako.
Gainera, ia lau urte pasatu dira legegintzaldi honetan eta oso gauza gutxi egin dute, eta dena Iruñerrian zentraturik. Orain Iruñerrian 25.000 etxebizitza egin behar dituztela diote, eta herrietan zer? Herrietan ez gara inor bizi ala? Oso zentralizatuta dago dena.
Espainiako Diputatuen Kongresuan berriki onartu dute Gobernuaren etxebizitza legearen inguruko dekretua. Zergatik diozue ez dela nahikoa? Zer eskatzen duzue?
Lehendabiziko gauza etxegabetzeekin legalki eta berehala bukatzea eskatzen dugu. Gero, etxebizitza publiko eta babestu gehiago egitea, babes hori betiko mantentzea eta alokairuak jaistea.
Eta, noski, funts putreei espekulazioa debekatzea. Etxebizitza publikoa —bai alokatzeko, bai erosteko— bermatu arte eta jendeak modu normalean etxea izateko eskubidea eduki arte, funts horiek ezin dute etxerik erosi. Ez gara jabe txikiez ari, etxejabe handiak direlakoez baizik.
Zergatik behar du Nafarroak Podemos Ahal Duguren ahots propioa Kongresuan? Eta zer diozu PSOE Podemosen garai bateko boto-poltsa fagotizatzen ari dela dioten inkestez?
Nafarroa defendatzeko eta beste ezkerreko alderdi batzuekin batera PSOE presionatzeko behar da gure ahotsa. Inkestei dagokienez, ez dut uste hori gertatzen ari denik; inkestek nahi dutena esaten dute. Ez dut uste Podemoseko kide batek PSOEri emango dionik botoa, oso seguru nago.
Gainera, legegintzaldi honetan PSOEk erakutsi duenarekin jendea aspertu egin da. Etxebizitzaz ahaztu da, eta arazo horrek eragin du hauteskundeak aurreratzea. Orain bat-batean, hauteskundeak daudelako, partxeak jartzen ari dira.