GIZALABAK

Alaitz eta Maider, belaunaldiak zeharkatzen

Euskalerria Irratia

Alaitz eta Maider bikoite oiartzuarraren inguruan mintzatu gara Bakarne Atxukarrorekin, gaurko Gizalabak atalean. Txanpon baten truke edo Amets bat bezalako ereserkiak utzi zizkiguten 2004an agertokietatik aldendu aurretik. Azken urteotan, ordea, belaunaldi berriekin bat egin dute proiektu eta kolaborazio berritzaileen bidez


 

Lehengoan, etxekoek esan zidaten ekartzeko hona Alaitz eta Maider. “Atzo goizekoak!” erantzun nuen nik.  Ez jakitea ausarta da…

Nik ezagutzen nituen, Oiartzungo euskal musika taldea izan zirelako 90eko hamarkadan.

Haien izen osoak Alaitz Telletxea Tolosa eta Maider Zabalegi Galardi  dira. Alaitzek trikitixa jotzen zuen, eta Maiderrek, panderoa.

Alaitz Telletxeak umetatik zuen garbi zer izan nahi zuen: trikitilari. Familian ezagutua zuen trikiti tradizioa: ahizpak, osaba, lehengusuak…

Maider Zabalegi aitarekin aritzen zen kantuan, aitak Oroitzak izeneko taldean gitarra jo eta kantatzen baitzuen. Pianoa ikasten ere hasi zen, eta 14 urterekin hasi zen panderoa jotzen. Berehala, kantuak konposatzeari ekin zion.

1989. urtean, 14 urte zituztela, txapelketetan parte hartzen hasi ziren, eta handik oso gutxira dantzaldi guztiak alaitu zituzten fandango, arin-arin, porrusalda eta abarrekin.

1990. urtean, Joseba Tapiaren laguntzaz, lehenengo maketa grabatu zuten, eta handik 4 urtetara, bigarrena. Azkenik, 1997. urtean lehen diskoa kaleratu zuten. Harrera ikaragarria lortu zuten, 25.000 ale saldu baitziren. "Txanpon baten truke" kanta oso ezaguna zen. Zenbat aldiz dantzatu genuen herriko jaietan!

Emanaldiak biderkatu egin zitzaizkien, eta jende ugari joaten hasi zen haien kontzertuetara. Garai hartakoak dira beren kanturik ezagunenak: aipatutako "Txanpon baten truke", "Amets bat" eta beste hainbat. Triki-poparen moda pil-pilean zegoen.

Gero, bi lan gehiago kaleratu zituzten, 2004ean azken  kontzertua eman arte. Denboraldi horretan plazaz plaza ibili ziren atsedenik gabe.

Japonian ere jotzen aritu ziren bi aldiz, bertako Brahaman taldearekin. Esperientzia bikaina izan zen, eta beste talde eta bakarlari batzuei ere bidea ireki zieten.

Banandu ostean, 2006an, hain zuzen, berriz elkartu ziren bi musikariak, Oiartzunen antolatutako Kilometroak festaren kanturako musika egiteko.

Gerora, Alaitz Telletxea zenbait taldetan aritu da, Lantz taldean, esate baterako, eta Trikitixa Elkarteko presidentea izan da. Maider Zabalegik bakarkako kantu bat, "Itxarote horrek", grabatu zuen Hotsak dantzan bildumarako.

Eta orain, 20 urte geroago, berriz agertu dira,  aurtengo urrian Barakaldon egin zen “Ura Bere Bidean” kontzertuan! Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin batera parte hartu zuten, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. Haien kantu ezagunenen bertsio sinfonikoak interpretatu zituzten.

Baina hori ez da azken bolada honetan elkarrekin egin duten gauza bakarra. Eguneratu dute erabat haien musika, modan daude, eta gazteek ondo ezagutzen dituzte. Ikaragarria!

Dupla taldearekin, adibidez, Hawai bideoklipa grabatu dute. Musika estilo horrekin orain arte egin dutena hautsi dute, kontuan hartu behar baitugu Dupla taldeak hiri-musika elektronika, popa, rapa eta rocka letra satirikoekin nahasten dituela.

Antzeko zerbait gertatu zen Bengo artistarekin batera egin zuten bideoklipean.

Azkenik,  Mirari eta Aralar Musika eskolako abesbatza gaztearekin egindako kolaborazioa aipatuko dugu.

Bistan denez, bikote honek oraindik badauka zer kantatua. Oraingo musikak ez du zerikusirik nire adineko jendeak ezagutzen duenarekin, baina izugarrizko arrakasta lortzen ari da gazteen artean. Miresgarria da. E! eta gu haiekin gozatzeko beti prest, noski!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!