“Orokorrean, jendeak harreman txarra du baskularekin. Zenbaki sinple bat erakusten digu, baina gure eguna edo astea baldintzatu dezake. Baskulak ematen digun zifra igo bada, ez dugu zertan pentsatu loditu garela edo gantz gehiago dugula”, azaldu du Zabaletak.
Nutrizionistak gogorarazi du baskulak momentu jakin batean dugun pisua adierazten digula, baina ez duela esaten pisu hori zertaz dagoen osatuta: “Gure pisuan gantza, masa muskularra, ura edo hormonak daude. Aurreko orduetan egin dugun kirolaren arabera, jan dugunaren arabera edota komunetik pasatu garen ala ez kontuan hartuta, zifrak gora edo behera egin dezake”.
Baskula erabiltzeko modurik onena zein den galdetuta, Itxaro Zabaletak dio “egunero errutina bera jarraitzea dela egokiena. Biluzik, baraurik, komunetik pasatu ondoren eta ezer jan aurretik, egunero momentu berean egitea. Baina ez diogu egun batetik besterako eboluzioari erreparatu behar soilik; epe luzeko bilakaera jarraitu beharra dago. Astean behin pisatzea eta hilabetero eboluzioa aztertzea izan daiteke egokiena”.
Gorputz-masaren indizea (GMI) ez da nahikoa
Gorputz-masaren indizea eskolan edota osasun-etxean kalkulatu digute zenbaitetan. Altuera eta pisua kontuan hartzen ditu, eta horren arabera esaten digute gainpisua dugun ala neurrian gauden.
Adituaren ustez, neurgailu hori mugatua da: “Estatistikarako sortu zen, eta osasun-parametro gisa erabili izan da, baina ez da guztiz zuzena. Altuera eta pisu bereko bi pertsona topa ditzakegu; batek pisuaren ehuneko handia gantza izan dezake eta besteak masa muskularra, baina GMIak ez du hori bereiziko. Nire gomendioa da gorputz-osaeran erreparatzea, ez pisuan”.
“Normalean arropan nabaritzen dugu loditu edo argaldu garen, eta askotan horrekin nahikoa izaten da. Etxean baskularik ez baduzu, ez da ezer gertatzen”, laburbildu du Itxaro Zabaletak.