Burutik taldeak bere EP berria kaleratu du, Ipuinak B aldea izenekoa, erre.eus plataforman. Gainontzeko plataformetan azaroaren 20tik aurrera egongo da entzungai. Guztira lau abesti dira, duela urtebete kaleratu zuten Ipuinak lanari jarraipena emateko; izan ere, ipuin guztiek dute beren B aldea.
Naroa Goñik, Asier Caponek, Mikel Gorraitzek, Iraitz Gonzalezek eta Jokin Barriolak osatzen dute taldea. Jokin Barriola Burutik taldeko abeslaria pozik agertu da lanarekin: “Zerbait desberdina egiteko grina genuen. Peiotxurekin elkarlanean egindako abestiak dira, eta horregatik elektronikoagoa da soinua. Bestetik, ipuin batzuk gelditu zitzaizkigun aurreko lanetik kontatzeko, eta horregatik sortu dugu proposamen berri hau”.
Abesti berriak sortzeko prozesua berezia izan da. Joan den urteko Durangoko Azokako erakusmahaian hasi ziren kantu berriak konposatzen. “Peiotxuk bere soinu-mahaia ekarri zuen, eta jendea guregana hurbildu eta ideiak proposatzen zituen. Esan daiteke elkarlanean eta auzolanean egin dugula diskoa”. “Orain arte gure soinua bilatu nahian jardun dugu, baina disko berri hau kolektibizatu egin dugu. Beti izan dugu filosofia hori, baina ez dugu inoiz hainbeste praktikan jarri disko honetan bezala. Bide berriak ireki dizkigu lan egiteko modu honek”, kontatu digu abeslariak.
Erre.eus plataforman kantuak lehenago argitaratzeko apustuaz, Barriolak dio “nazioarteko musika-industria musikatik aldentzen ari dela, diruaren bila doalako. Euskal Herriko eszena nahiko zokoratua egon da. Eredu berriak bilatu behar dira, eta martxan jarri den saretze hori oso beharrezkoa dela iruditzen zaigu”.
EP berriko abestiak zuzenean entzuteko aukera laster izango dugu. Burutik taldeak hiru kontzertu berezi antolatuko ditu datozen asteetan, baina oraindik ezin dute ezer aurreratu.
Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saioan Jokin Barriola Burutik taldeko abeslaria gonbidatu dugu kantu berriak partekatzeko.