Puntuen premia dauka Osasunak, hamabi lortu baititu lehen hamabi jardunaldietan. Bada, uzta ona lortzeko aukera izango du datozen asteetan, jaitsiera postuetan diren hiru taldeen aurka ariko baita jarraian.
Hasteko, igandean Malagaren aurka neurtuko ditu indarrak. Andaluziarrak azkenak dira sailkapenean; oraindik ez dute partida bakar bat ere irabazi. Puntuek, bai ala bai, Iruñean geratu behar dute, eta hori horrela izan dadin, min hartuta izan diren jokalarien laguntza izango du talde nafarrak. Ondobidean, Aimar Oroz, Romain Del Castillo eta Jorge Herrando eskuragarri izango ditu Jagoba Arrasatek.
Teknikari bizkaitarrak asteburu lanpetua izan du liga geldirik egon arren, larunbatean Euskal Selekzioa zuzendu baitzuen Venezuelaren kontrako partidan. Euskal herritarrak 1-0 gailendu ziren San Mamesen, eta jokalari gorritxoek zeresana eman zuten: Iñigo Argibidek goleko pasea eman zion Mikel Jauregizarri, eta Asier Osanbela bigarrena egiteko zorian izan zen, Kike Barjaren erdiraketa jasota.
Osasunaren emakumezko taldeak, bere aldetik, puntu bat lortu zuen atzo Cacereñoren zelaian. Etxekoak aurretik ipini ziren 54. minutuan, Mbapperen eskutik, baina Eunatek faltaz orekatu zuen partida, hamar minutu geroago. Hirugarrenez garaipenik gabe geratu dira gorritxoak, eta horren ondorioz, indarra galdu dute sailkapenean: hamargarren daude orain, kanporaketa postuetatik bi puntura.