2001ean, New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatuak gertatu ziren, Edurne Pasaban tolosarrak Everest igo zuen eta Joane Somarribak bigarren Tourra irabazi zuen. Urte hartan bertan, beste proiektu bat ere sortu zen: Wikipedia. Hasieran, edonork edita zezakeen entziklopedia baten ideia bitxia eta nekez gauzatzeko modukoa zirudien. Gaur egun, ordea, inoiz sortutako erreferentzia-lanik handiena bihurtu da.
Urteurren honetan, euskarazko Wikipediak 500.000 artikuluren langa gainditu du. Hasiera apala izan zuen, baina urteekin hazten joan da, artikulu kopuruari zein kalitateari dagokienez. «Zaila da batezbestekoa egitea», azaldu du gurean Galder Gonzalezek, baina "azken bi urteetan egunean 70 artikulu inguru idazten dira egunero". Hala ere, helburua ez da artikuluak sortzea bakarrik, horien kalitatea hobetzea ere bada.
Euskarazko Wikipediak Nafarroari buruzko informazio zabala biltzen du. Gutxi gorabehera, 6.000 artikulu Nafarroa Garaiarekin lotuta daude, eta beste 4.000 inguru Nafarroan jaiotako edo bertan bizi diren pertsonei buruzkoak dira, besteak beste. Guztira, 11.000 artikulu inguru dira.
Wikipediaren oinarrietako bat lankidetza da. Artikuluak erabiltzaileek sortzen dituzte, eta horretarako tutorialak eta jarraibideak daude. Edukiek ahalik eta neutroenak eta deskriptiboenak izan behar dute, eta kanpoko erreferentziak erabili behar dira.
Gonzalezek azaldu duenez, wikilariak askotarikoak dira: ikasleak, jubilatuak, unibertsitateko irakasleak eta euskarazko edukiak sortzeko interesa duten herritarrak. Bakoitzak bere ezagutzatik abiatuta sortzen edo hobetzen ditu artikuluak. Euskarazko Wikipediaren 500.000. artikulua, esaterako, 14 urteko ikasle batzuek sortu zuten, ikastolen proiektu baten barruan.
Lehen artikulua, berriz, Lurrari buruzkoa izan zen, 2001eko abenduan. Hasierako eduki hark ez du zerikusirik gaur egungo Wikipediaren kalitatearekin eta itxurarekin, baina proiektuaren hazkundearen abiapuntua izan zen. Ordutik, milioika hobekuntza eta ekarpen egin dira.
Komunitatearen parte-hartzeari dagokionez, badago beste datu esanguratsu bat: euskaraz dakiten 50 pertsonatik batek noizbait euskarazko Wikipediako artikulu bat idatzi du. Parte-hartze maila hori ez da antzekoa hiztun kopuru askoz handiagoa duten beste hizkuntza batzuetan, hala nola gaztelanian edo ingelesean.